Doako prestakuntza saioak izango dituzte tokiko komertzioek
'Commerce Lab' gunean egingo dituzte tailerrak, saltokia inguruneko aldaketetara egokitzeko, hobetzeko eta lehiakortasuna mantentzeko.
Hiri-bultzada eta Sustapen Ekonomikoko arloak tokiko komertzioentzako prestakuntza saioen agenda aurkeztu du. Commerce Lab gunea hiriko komertzioek tresna erabilgarriak eskuratzeko baliagarria izango da. Bertan, atal teorikoa zein praktikoa izango duten doako prestakuntza ikastaroak antolatuko dituzte otsaila eta ekaina bitarte. Ikastaroren batean parte hartzeko interesa duen orok izena eman beharko du, komertzioaren izena eta telefonoa zehaztuz. Datuak promocioneconomica@irun.org helbide elektronikora edota 943 50 53 37 / 943 50 53 35 telefono-zenbakira deitu beharko dute interesdunek.
Ikastaro hauen bitartez, komertzioek hobetzeko, inguruneko aldaketetara egokitzeko eta lehiakortasuna mantentzeko tresnak jasoko dituzte. Tailerrek esperientziak partekatzea eta harremanak sortzea ahalbidetuko dute. Kanpaina honetan askotariko gaiak landuko dituzte: whatsapp business, Googlen negozio fitxa, Instagram komertzioentzat eta emozioen eta estresaren kudeaketa arlo komertzialean.
Otsaileko eta martxoko ikastaroak iragarri dituzte dagoeneko. Hurrengo astean izango da lehenengoa, argazkigintza-tailerra (otsailaren 17an eta 19an). Datozen asteotan beste ikastaro hauek ere eskainiko dituzte: Affinity programaren oinarriak (otsailaren 24an eta 26an), Nire presentzia digitalaren auditoretza (otsailak 25), Whatsapp Business: tokiko negizioentzako tresna (martxoak 2), Adimen emozionala komertzioan eta estresaren prebentzioa (martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean), Googleko negozioaren fitxa sortzea eta optimizatzea (martxoak 10) eta Enpresentzako Instagram: hedapenerako tresna (martxoaren 23an eta 24an).
Ikastaro guztiak Commerce Lab gunean izango dira, Serapio Mujika kaleko 8. zenbakian. Eguerdian izango dira, 13:30ean eta bi ordu inguruko iraupena izango du saio bakoitzak.

