Biok Txingudi nahi eta ezin larunbateko partidan
Sortzen taldearen aurka erronka zaila izan zuten Plaiaundin, eta ez zituzten aukerarik izan punturik lortzeko larunbateko partidan (0-65).
Biok Txingudik egun txarra izan zuen larunbatean, eta Sortzen taldeak ez zien aukerarik eman mugaldekoei (0-65). Sailkapeneko hirugarren taldeak bere indarra erakutsi zuen partida osoan zehar, eta Sortzen taldeak Plaiaundin jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituzte. Etxekoak nahi eta ezin aritu baziren ere, etxekoek detaile politak izan zituzten bigarren zatian. Lehenengo zatiko Sortzen taldearen nagusitasuna, bigarren zatian baretu zen. Txingudikoek baloia minutu gehiagotan jokatzeko aukera izan zuten, baina ezin izan zuten entsegurik lortu. Datorren asteburuan, ligako partidarik garrantzitsuenetako bat izango du Plaiaundin, Biok Txingudik Hernaniren aurka jokatuko du eta.
Harrobiak ere ez zuen asteburu ona izan, gazi-gozoa izan zen. 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi Baztan taldeak 78-12 galdu zuen Bilbon. Orain arte jokatutako bost jardunaldietan bederatzi puntu lortu dituzte, eta Euskal Ligako bosgarrenak dira. 16 urtez azpiko taldeak, ordea, zortea bere alde izan zuen. Txingudi/Baztan/Orereta taldeak azken minutuetan norgehiagoka irauli zuen, eta azkenean 24-22 irabazi zuen Gaztediren aurka, Plaiaundin.

