Zaisa Txingudik egun txarra izan zuen
Eguraldia ez zuten lagun izan, eta Eibarrek bere nagusitasuna erakutsi zuen hasieratik bukaerara (34-5). Bestalde, Beteranoen egunaren edizio berria egin zuten Plaiaundin.
Zaisa Txingudi taldeak zorigaiztoko eguna izan zuen Eibarren. Larunbatean ez zuten eguraldia lagun izan, eta Eibar oso nagusi izan zen. Hasieratik bukaerara partida dominatzea lortu zuten eibartarrek, eta azkenean 34-5 aldeko markagailua lortu zuten. Unbetik (Eibar) ezin izan zituzten hiru puntuak etxera ekarri. Eibarrek garaipen honi esker lidergoa sendotu du, eta Zaisa Txingudi taldeak laugarren postuan jarraitzen du, 28 puntu eskuratuta. Igoera postuak hemezortzira puntura dituzte mugaldekoek. Datorren asteburuan, atsedenaldia izango du Txingudik, eta hurrengo etxeko partida hemendik bi astera izango da Mutriku taldearen aurka.
Zaisa Txingudik etxetik kanpo jokatu zuen arren, Plaiaundin Beteranoen eguna ospatu zuten. Plakajerik gabeko modalitatean jokatu zuten zelai euritsu eta lokaztuan. Zazpi taldeetan banatuta, ehun lagun inguruk parte hartu zuten, eta klubetik eskerrak eman nahi izan dizkiete gerturatu ziren jokalari, zale eta klubei.

