'Irun Commerce Lab': hiriko merkatariak gaur egungo beharrak trebatzeko gunea
Irungo Udalak eta Gipuzkoako Ganberak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, merkatariek beren sektoreko erronka berriei aurre egiteko.
Hiriko merkatariak gaur egungo beharretara egokitzeko nahian, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Ganberak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren baitan, Gipuzkoako Ganberak saltokiak modernizatzeko, kontsumo ohituren aldaketetara egokitzeko eta hiriko ekonomia suspertzeko ikastaroak eta tailerrak egingo ditu. Honela, Irungo merkataritza-sektoreari berariaz zuzendutako prestakuntza saioak jarriko dira martxan.
Ikastaro eta tailerretan hiriko merkatariek baliabide praktikoak lantzeko aukera izango dute, eta horrela merkatari bakoitzak beren sektoreko erronka berriei aurre egiteko aukera izango du. Saioek iraupen laburra izango dute, eta horiek “prestakuntza-pilulen” eta tailerren bidez tokiko negozioei lehiakorragoak izaten lagunduko diete.
Udalak nabarmendu duenez, merkataritza funtsezko sektorea da hiriko bizitza ekonomiko eta sozialean. “Hitzarmena aurrerapauso bat da hura babesteko, gune berri honek tokiko merkatariak trebatu eta laguntzeko betetzem duen eginkizuna sendotuko du”. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du, bi aldeek, ordea, hitzarmena luzatzeko aukera izango dute.
Irun Commerce Lab ia duela urtebete inauguratu zuten. 200 metrotik gorako azalera du, eta merkatarientzako lan ingurune aproposa da. Erabilera anitzeko laborategia eskaintzeko, enpresen digitalizazioa eta lehiakortasuna sustatzeko topaleku eta esperimentazio gunea da.
Bertan egingo diren topaketek parte-hartzaileen arteko esperientziak elkarbanatzea ahalbidetuko dute, tokiko merkataritza indartuko duen eta sektorerako aurreikusitako prestakuntza-agenda osatuko duen ikaskuntza-gune partekatu bat sortuz.

