Aparkalekuak erregulatzeko auzoz auzoko bilerak egingo dira
Martxoan izango dira bilerak. Abenduan egin zen aparkalekuen antolaketaren lehen urratsa, eta hainbat kezka plazaratu zituzten herritarrek.
Hondarribiko aparkalekuaren arazo nabariari aurre egiteko, horien antolaketa prozesua jarri zuen martxan udalak iaz, urte bukaeran. Partaidetza prozesu baten bidez egindako proiektua da, eta jada abenduan eman zuten lehen urratsa. Abenduaren 16an izan zen zehazki, Itsas Etxea Auditoriumean, eta bertan 70 herritarrek hartu zuten parte.
Bertan izandako herritarrek hainbat kezka plazaratu zituzten, hala nola, bereziki erabilera handiena egiten den espazioetan bertakoentzako aparkalekuei lehentasuna emateko beharra, bisitarientzako aparkaleku alternatiboak sortzeko beharra eta erregulazioak sortzen dituen argi eta ilunak. Ekarpen guzti horiek batu ditu udalak, eta hurrengo saioetan landuko dituztela adierazi dute. Horren harira, otsailaren 25ean, Mugikortasun Jasangarriaren Mahaia bildu egingo da, eta aparkalekuen erregulazioaren inguruko lan ildo nagusiak markatuko ditu.
Ondoren, topaketa sektorialak egingo dira, auzo bakoitzaren egoera ikusteko:
-
Martxoaren 10ean, Akartegi eta Donostia kaletik gorako bizilagunekin. 18:30ean, Talaia Bordarin.
-
Martxoaren 11n, Portua, Alde Zaharra eta Puntala (Donosti kaletik beherako eremua). 18:30ean, Itsas Etxea Auditoriumean.
-
Martxoaren 12an, Amute eta Mendelu. 18:30ean, Amute Auzo Elkartean.
“Zonalde bakoitzak bere errealitatea du, eta aparkalekuen arazoa ez da berdin bizi hiriko eremu guztietan; horregatik, ezinbestekoa da auzoz auzo lan egitea”, adierazi du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak. Aforo arrazoiengatik, saioan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da esteka honetan. Urtizbereak nabarmendu du bilera horien helburua dela “bizilagunen eguneroko kezkak zuzenean ezagutzea eta irtenbideak elkarrekin lantzea, erabakiak ahalik eta gehien hurbildu daitezen bizilagunen errealitatera”

