Garraio publikoa guztiona dela aldarrikatzeko kanpaina aurkeztu dute
'Guztion bidaia' sentsibilizazio kanpaina egin dute adinekoekin arduraz eta gizalegez jokatzea bultzatzeko, datozen asteetan egingo dute.
Mugikortasun Jasangarriko udaleko arloak Guztion bidaia sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du, garraio publikoa guztiona dela gogorarazteko. Horrekin, hiri barruko garraio publikoan adinekoak errespetatzeko kanpaina egin nahi dute. Alegia, eserlekua uztea eta geralekuetan igotzeko eta jaisteko tokia egitea bultzatu nahi dute. “Bizikidetza jokabide xumeetan oinarritzen da”, azpimarratu du Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak.
“Adinekoak garraio publikoan mugitzen direnean bidaia zikintzen duten jokabide batzuk antzeman ditugu, eta kanpaina honen bidez horrelako egoerak ikusarazi nahi ditugu, eta jokabide arduratsuak sustatu”, gaineratu du Javierrek. Kanpaina ezagutarazteko Fermin Calbeton kaleko geralekuko markesinetan kanpainaren biniloak jarri dira, leloari kalean ikusgaitasuna emateko.
Geralekua photocall bihurtzeaz gain, sentsibilizazio kanpaina ikustarazteko Pauso-K Dance Studio taldeko dantzariek bideoklipa egin dute. Abestiaren mezu nagusia honakoa da: garraio publikoa guztiona da, eta erabiltzaile guztien arteko bizikidetza egokia izango bada, arduraz jokatu beharra dago. Hitzek eguneroko egoerak aipatzen dituzte, eta arduraz jokatzera deitzen dute. Erritmo urbanoa duen bideoklipa hiriko kaleetan grabatu dute, baita Irunbuseko hainbat ibilgailutan ere.

