'Emakumeok mugimenduan' proiektuaren bigarren fasea aurkeztu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak kirol eskaintza espezifiko, berri eta egokitua eratzeko kanpaina aurkeztu dute Palmera Monteron.
Kirola sustatzeko urratsak egin dituzte azken urteetan, eta gaur aurkeztu duten Emakumeok mugimenduan kanpaina horren eredu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak kirolik egiten ez duten emakumeak fisikoki aktibatzea dute helburu egitasmo aitzindari honekin. Espezializazio-programa bat izango da, eta kirol-klub eta zentroekin batera proiektuaren bigarren fasea aurkeztu dute Palmera Monteron. Aurkezpenean, Goizane Alvarez aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak, Roberto Ramajo Kirol zuzendariak eta Cristina Laborda Irungo alkateak parte hartu dute. Bertan, proiektuaren interesa eta proposamenak jaso dituzte, “eskaintza zabala, erakargarria eta iraunkorra eraikitzeko”.
Kanpaina horren helburua jarduera fisiko espezializatuaren bitartez jarraipena ematea da. Halere, hainbat berritasun izango ditu: jarduera fisiko gutxi egiten duten emakumeentzat jarduera berriak, emakumeek emandako jarduerak eta emakume bakoitzak gehienez denboraldi batean parte hartzeko aukera izango du programa honetan. Hastapen Programaren garrantziaz jabetuta, Espezializazio Programa martxan jarri dute kirol-ohiturak finkatzeko eta autonomia irabazteko laguntza gehigarria behar dutenei zuzenduta.
Goizane Alvarezek egitasmo honen garrantzia goraipatu nahi izan du. “Emakumeok mugimenduan proiektuarekin oso gauza erraz eta indartsua eraikitzen ari gara. Gipuzkoa osasuntsuagoa eta bidezkoagoa nahi badugu, zailtasun handiena dutenekin hasi behar dugu”. Cristina Labordak ere, Irun proiektu honen aitzindaria dela gogorarazi du. Hemendik aurrera, hiriko kirol erakundeen konpromisoa eta inplikazioa izango dutelako ustea du udalak.
Egitasmo honetan parte hartu nahi duen erakundek otsailaren 28ra arteko epea izango du proposamenak bidaltzeko. Departamentuaren egitasmoa da proiektu pilotu hori lurraldeko herri gehiagotan ezartzea.

