Pentsio igoera indargabetzearen aurka mobilizatu dira pentsiodunak
Urtarrilean Espainiako Diputatuen Kongresuan 2026rako pentsioen igoera indargabetzearen alde bozkatu zuten alderdi eskuindarrek, eta horren aurka mobilizatu da Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua.
Gaur goizean ehun bat lagun bildu dira San Juan plazan.Imanol Saiz Gomez de Segura Zortzi urteko borrokak ez du etenik, pentsiodunek kaleak hartzen jarraitzen dute. Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak asteleheneetako hitzorduarekin bat eginez, ehun lagun inguru bildu dira San Juan plazan, udaletxearen aurrean. Urtarrilaren 27an, Espainiako Diputatuen Kongresuan alderdi eskuindarrek Espainiako Gobernuaren Errege Dekretuak jaso zuen 2026rako pentsioen igoeraren aurka bozkatu zuten. PPk, VOXek, Juntsek eta UPNk pentsioen igoera indargabetu zuten, guztira 178 boto lortu zituzten. Igoeraren aldeko botoak, berriz, 171 izan ziren.
Errege Dekretuan 2026rako pentsioen errebalorizazioa %2,7koa zen pentsio orokorretarako, %7tik %11,4ra gutxieneko pentsioetarako, eta %11,4koa kotizazio gabekoetarako eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreretarako. Urtarrileko pentsioan jada aplikatu dira, baina indargabetzearen ondorioz, otsailetik aurrera ez dute eraginik izango. Baldin eta, hori ahalbidetuko duen beste Errege Dekretu Legerik aurkezten eta onartzen ez bada.
21/2021 eta 3/2023 legeek jasotzen dutenaren arabera, iazko KPIaren igoerarekin Dekretuak pentsioen errebalorizazioa betetzen zuen. Orain, aldiz, ez dago behin betiko bermatuta, eta pentsiodunek salatu dute pentsioek “truke-txanpona izaten jarraitzen dutela, eta ez oinarrizko eskubide bat”.
Pentsioak handitzeaz gain, Errege Lege Dekretuak oinarrizko gizarte ezkutuaren luzapena jasotzen du. Hala nola, bizileku-alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatzea etxe kalteberetan dauden pertsonentzat oinarrizko hornigaien mozketa debekatzea, bonu elektrikoaren deskontuaren luzapena, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak handitzea, eta hondamendi naturalek eragindako pertsonentzako pizgarri eta laguntza fiskalak ezartzea.
Pasa den ostegunean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak egin zituzten pentsiodunek PPren egoitzen aurrean, eta bertan milaka lagun bildu ziren. Otsailaren 20a data garrantzitsua da, 2026rako pentsioen igoera bermatuta ez badago estatuko herri eta erkidegoetako pentsiodunen plataformekin egingo dutelako mobilizazioa.
“Ez dugu atzerapauso bakar bat ere onartuko, ezta 2011tik 2018ra hartutakoak bezalako pentsioak murrizteko politikak ere” esanez amaitu du gaur goizeko elkarretaratzea Txingudi Pentsiodunen Mugimenduak.

