Musikaz gain, hainbat diziplina Tempo IX astean
Hurrengo astean egingo dituzte Tempo jardunaldiak Musika eta Dantza eskolan. Hainbat jarduera ezberdin antolatu dituzte, hala nola tailerrak eta hitzaldiak.
Bederatzigarren aldiz egingo dute Tempo, otsailaren 2tik 6ra. Musika eta artea uztartuz, hainbat hitzaldi, tailer eta halako eskainiko dituzte Hondarribiko Musika eta Dantza eskolan. Diziplinen arteko nahasketatik ateratako jardunaldiak dira, eta musika eskolako ikasleentzat ez ezik, herri osoarentzat zuzenduak. Musika, dantza, antzerkia, literatura, psikologia… denetarik izango da hurrengo astean. Kartelarekin aurkeztu dute egitasmoa, Dolo Marina Zufia artistak egindakoa.
Musika eta Dantza eskolan jada errotuta dagoen astea da Tempo. “Herriko eskaintza kulturalak sortzen duen ekosistemaren beste adibide bat da Tempo. Gainera, gazteek eta nerabeek duten protagonismoa nabarmentzekoa da. Gaztaroan musikaz ikasteko aukera izatea ezinbestekoa iruditzen zait, eta horregatik dira hain lagungarriak horrelako egitasmoak”, adierazi du Ortzi Alonso kultur zinegotziak. Musika eta Dantza eskolako zuzendari pedagogiko Esther Barandiaranek adierazi du irakasleek eta ikasleek urtero gogoz hartzen duten astea dela: “Goxo lantzen dugun zerbait da, eta orain denok gaude hurrengo astera begira, jada martxan jartzeko gogoz”.
Astelehenean emango diote hasiera asteari, 17:30ean. Kultur etxeko hainbat geletan izango dira jarduerak, baita ere areto nagusian. Egitasmoaren barnean, Fabian Martinez gitarra irakasleak Tardes de verano tailerra egingo du. “Laburmetrail baten musikalizazioaz arituko gara nire tailerrean. Gazteei zuzendua, erakutsiko dugu nola ekoizten den zinemako musika. Askorentzat ezezaguna izan daitekeen alorra da, baina era berean oso interesgarria”, azaldu du Martinezek. Digipen eskolarekin elkarlanean egindako programa bat izango du oinarri gitarristak.
Ateak parez pare
Barandiaranen ustez, arteak uztartzeaz gain, hausnarketarako espazioa ematen du aurtengo Tempo asteak. “Laburbilduta, gure ustez bai ikasleek eta baita gurasoek edo hurbiltzen den orok, zerbait jasoko du”. Musika eta Dantza eskolan egiten den lan pedagogikoa herriari erakusteko aukera ederra izango dute. Horrez gain, eskolako kideek gehitu dute bertan ez dela soilik musika eta dantza irakasten. Topagune bat da eskola, eta izaera hori herriari erakusteko gogoa dute. “Ateak parez pare irekiko ditugu, beraz edonori egiten diogu etortzeko gonbita”, gehitu du Barandiaranek. Alonsok gehitu nahi izan du Musika eta Dantza eskolan egiten den lana balioan jartzeko aukera ederra dela Tempo.
Hona hemen hurrengo asteko egitaraua:
- Esperantza Kapitaina tailerra. Antzerki musikatu txiki baten bidez, ahots musikatua landuko da. Astelehena, 17:30, 207 gelan. Lehenengo mailako ikasleei zuzendua.
- Enrique Solinis gitarra jotzailearen masterclassa. Astelehena, 17:30, areto nagusian.
- Esperantza Kapitaina tailerra. Antzerki musikatu txiki baten bidez, ahots musikatua landuko da. Astelehena, 18:15, 207 gelan. Euskal dantzako ikasleei zuzendua.
- Daniel Baremboin eta Edward Said eta West-Easter Divan orkestra. Dokumental zatien bidez, kulturarteko elkarrizketan oinarritutako proiektua ezagutzeko. Astelehena, 18:30, 1. pisuko hallean. 3. mailako ikasleei zuzendua.
- Poesia irakurketaren tailerra. Leire Bilbao idazlearen eskutik. Asteartea, 17:00, 1. pisuko hallean. 4, 5 eta 6 urteko ikasleei zuzendua.
- Esperantza Kapitaina tailerra. Antzerki musikatu txiki baten bidez, ahots musikatua landuko da. Asteartea, 17:30, 207 gelan. Lehenengo mailako ikasleei zuzendua.
- Mi vida a escena tailerra. Ana Pimienta aktore eta antzerki zuzendariak bideratutako tailerra. Asteartea, 18:30, areto nagusian. Ikasle helduentzat zuzendua.
- Haur txikiak, jostailuak eta… sinfonia bat tailerra. Haur txikiek sinfonia bat osatuko dute, jostailuekin. Asteazkena, 16:30, areto nagusian. Haurrei eta familiei zuzendua.
- Doinuaren Borobiltasunaren Bila tailerra. Arantza Iglesias dantzariaren eskutik. Asteazkenean, 17:00 eta 17:45, 306 gelan. Euskal dantzako ikasleei zuzendua.
- Esperantza Kapitaina tailerra. Antzerki musikatu txiki baten bidez, ahots musikatua landuko da. Asteazkena, 17:30, 207 gelan.
- Tardes de verano tailerra. Fabian Martinezek zuzenduta, musika eta zinema uztartuko dituzte. Asteazkena, 18:00, 1. solairuko hallean.
- Dantzara! Plazara! Dantza topaketa, Ibon Huarte irakaslearen eskutik. Asteazkena, 19:00, areto nagusia. Denei zuzendua.
- Inauterien entsaioa. Osteguna, 17:00, 207 gelan. Denei zuzendua.
- Bullyngari buruzko hitzaldia. Javier Urra psikologoaren eskutik. Osteguna, 18:30, areto nagusian.
- Denen emanaldia. Ostirala, 18:00, areto nagusia.

