Kiroldegiaren afera, Osoko Bilkuran
Mozio bat aurkeztu du EAJk, kiroldegiko kuoten zati bat itzultzeko eskatzen. Abotsanitzek eta EH Bilduk ez zuten alde bozkatu.
Atzoko Osoko Bilkuran EAJk kiroldegiaren harira mozio bat aurkeztu zuen. Mozio horren bidez, kiroldegiko kuotaren zati baten itzulketa eskatu zuten jeltzaleek. EAJ-k eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, baina mozioak ez zuen aurrera egin, Abotsanitzek eta EH Bilduk aurka bozkatu zuten eta.
Hurrengoa adierazi zuen EAJk atzo, ohar bidez: “Udal Osoko Bilkuran, EAJ-PNVk Hondartza Kiroldegiko kuoten itzulketa proportzionala eskatzeko mozioa defendatuko du, 2025eko urtarrilaren 31n saunan izandako sutea dela eta urtebete baino gehiagoz erabili ezin izan diren zerbitzuei dagokiena. EAJ-PNVren ustez, ez da bidezkoa erabiltzaileek gozatu ezin izan dituzten zerbitzuengatik ordaintzen jarraitzea, eta udal gobernuari itxiera edo murrizketa errealaren denborari egokitutako erantzun argia, arduratsua eta proportzionala eskatu dio”.
Udal Gobernuak bere aldetik, zerbitzuen etenak kaltea eragin duela ulertzen dutela adierazi du, baina ezin dutela onartu mozioak iradokitzen duen irudia, “alegia, azken urtean ezer egin ez duen eta utzikerian aritu den Udal Gobernu batena”. Igor Enparan alkateak esan du kiroldegiko arazoa ez dela soilik sutera mugatzen, lehenagotik datorren “arazo estruktural” batetik baizik. “Arazoa estrukturala da, eta azken urteetan pilatutako hainbat faktoreren emaitza: eraikinaren egoera teknikoa, segurtasun gabeziak, inbertsio atzeratuak eta, batez ere, kudeaketa-eredu baten kolapso ekonomikoa”.
Egoera “kaskarra”
Enparanek adierazi du kiroldegiaren egoera txarraren aurrean 2024. urtean kiroldegia udaletxearen eskuetara itzultzeko prozesua hasi zutela, eta 2025eko abenduaren 19an, Hondarribia Lantzen sozietatea likidatu ondoren, burutu zutela, “esku hartzea” beharrezkoa zelako. Eraikinari dagokionez, Enparanek gogorarazi du 1997tik martxan dagoen Hondartza udal kiroldegiak egiturazko eta gabezia tekniko handiak dituela.
2023an udal gobernu berria hasi zenetik, hainbat inbertsio egin dituzte bertan, udal gobernuak adierazi duenez. Orain ere, 2026an, 300.000 bideratuko ditu kiroldegiko inbertsioetara, “eta datozen hiru hilabeteetan zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzeko kontratazio-prozesuak abiaraziko dira, bai eta erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten prezio publikoak arautuko dituen araudia onartu ere”.
Amaitzeko, Enparanek nabarmendu du udala “sozietatea desegin, instalazioak bere gain hartu, egoera teknikoa aztertu, inbertsioak egin eta etorkizunerako oinarriak jartzen” ari dela. “Bidea ez da erraza, ezta azkarra ere, baina bide arduratsua da. Eta helburua bakarra da: Hondarribiak kiroldegi seguru, bideragarri eta etorkizunera begirakoa izatea”.

