Desfiletik harago doan tradizioa inauterien aurretik
Inauteriak hasteko, otsailaren 8an Eraiki Dantza Taldeak inude eta artzainen desfilea egingo du. 29 urtez jarraian dihardute Irungo desfilea antolatzen, eta urteko egun berezienetakoa da dantza taldearentzat.
Ane Etxepare Eraiki Dantza Taldeko egoitzan. Imanol Saiz Gomez de Segura Inauteriei begira jarri da Irun, dagoeneko jai girorako gogoz daude herritarrak. Itxaronaldia arintzeko otsailaren 8an (igandea) Eraiki Dantza Taldeko kideek inude eta artzainen desfilea egingo dute. XIX. mendeko tradizioa mantentzeko asmoz, 29. urtez jarraian antolatuko dute. Hala ere, desfilean parte hartzeko deialdi irekia egin dute, eta Ane Etxepare taldekideak herritarrei dei egiten die bertan parte hartzeko.
Desfileaz gain, tradizioa ez galtzeko ikuskizun garrantzitsua egiten dute urtero. Dantzariek eta bestelako pertsonaiek inauteriei ongi etorria ematen diete. Hainbeste urtetan zehar errepikatu ondoren, Irungo ekitaldien egutegian hitzordua finkatuta dute, «inude eta artzainen desfilea beti inauteriak baino astebete lehenago egiten dugu». Jarduerak jai giroko kutsua duela gehitu du Etxeparek. XIX. mende bukaerako familia ereduen antzezpena da, eta inudeek garaiko familia dirudunen seme-alaben zaintzaileak irudikatzen dituzte. «Historia hori gal ez dadin, ekitaldia egiten dugu».
Inudeekin batera, beren «bikotekideak» ere ateratzen dira desfilean, artzainak. Irungo Atsegina Elkarteak tradizio horren lehenengo desfileak egin zituen, eta ondoren, urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzea lortu dute Eraiki Dantza Taldekoek. Aurtengo desfileak partaideen kopuru biribila izango du, 250 lagunek beteko dituzte erdiguneko kaleak. Apaizak, erizainak, alkateak, baserritarrak, txurrogileak eta garaiko beste hainbat pertsonaia izango dira dantzariekin batera. Taldeaz haragoko laguntza ere izango dute, hala nola, Irungo Atsegiña elkarteko sukaldariena, edo Ondare Kultur Elkarteko kideena.
Urtean zehar emanaldi ugari eginagatik ere, inude eta artzainena haientzat oso berezia dela azaldu Etxeparek. «Desfilea irekia da kanpoko jendeari parte hartzeko aukera ematen diolako, eta euskal dantzari ikusgarritasuna ematen diolako Irunen». 12:00ak puntu-puntuan Santiago kalean hasiko dute desfilea, eta hortik, San Juan plazarako bidea egingo dute. Udaletxeko plazan geldialdia egin, eta bertan pertsonaien jantziak ikusteko aukera izango dute herritarrek. Fandango eta arin-arina dantzatuko dute, eta bi dantza horiek egin ondoren, Kolon pasealekutik Zabaltza plazara joango dira. «Bertan eguneko momentu bereziena izango dugu, Irungo Kontserbatorioko Bandarekin batera, garai bateko bizimodua irudikatuko dugu».
Egun osoan zehar haurrak izango dira protagonista, eta ekitaldi nagusian apaizarenera joan beharko dute, edota erizainek txertoa jarriko diete, artzainek inudeei zortzikoa dantzatzen dieten bitartean. Eguna bukatzeko kontradantza, arin-arina eta fandangoa egingo dute dantzari guztiek. «Desfile bat baino gehiago ekitaldi bat izango da». Oso pozik daude azken urteotako desfileetan izandako parte hartzearekin.
Etorkizun oparoa
Euskal dantzak hainbat egun gorriz markatuta ditu Irunen. Urteko lehena inude eta artzainen desfilea da, eta urtean zehar ikusgarritasuna izateko sanmartzialetan, Euskal Jiran eta Santomasetan ere beste emanaldi garrantzitsuak egiten ditu Eraikik. «Gure taldearen egoera oso ona da, osasuntsu gaude». Sekulako hazkundea izan dute azkenaldian, eta Irungo ekitaldiez gain, beste herrialde batzuk bisitatzeko aukera izan dute, hala nola, Errumania, Alemania eta Frantzia. «Folklore jaialdietan parte hartzeak egindako lana erakusten lagundu digu, eta leku guztietan oso harrera ona izan dugu. Erabat aberasgarria izan da», harro mintzatu da Etxepare.
Gaur egun 100 kidek osatzen dute Eraiki, eta partaide guztiak emanaldi gehienetan izaten dira, salbuespenak salbuespen. «Pandemia zela eta, jende ugarik taldea utzi zuen, baina gutxinaka-gutxinaka jendea berreskuratzen joan gara. Azken urteetan baino gehiago gara».
Hori esanda, Irunek euskal dantza luzerako izango duela ziur da. Datuek hala erakusten dute, urtetik urtera dantza elkartean kide gehiago dira. «Agian urtean zehar ez zaio nahi besteko oihartzunik ematen euskal dantzari, baina egun seinalatuetan jendearen erantzuna sekulakoa da». Harrobiaren gainean galdetuta, kide gazte berriak badituztela adierazi du Etxeparek. Haurrak gogotsu joaten dira entseguetara eta emanaldietara, eta horrek asko laguntzen du Eraikik aurrera egin dezan. «Gutxi dira urte batetik bestera jarraitzen ez dutenak».
Harrobia dagoen bitartean, euskal dantzak bizirik jarraituko du Irunen. Inude eta artzainen desfileak urte luzerako kontua izateko oinarriak ditu. «Argi eta garbi esan dezaket inude eta artzainen desfileak urte askorako geldituko dela», esan du dantza taldeko kideak.
Partaide berriak erakarri nahian
Dantzaririk gabe, ez dago euskal dantzarik. Eraikin kide gehien biltzen duen ekitaldia inude eta artzainena da. «Batzuk dantzan jakin gabe parte hartzen dute, lehenengo kontaktua desfilea da». Etxeparek gonbita helarazi die kanpotik datozenei parte hartzeko, eta askotariko jendea bertan biltzeko. «Desfilean parte hartzea gu ezagutzeko modu bat izan daiteke, eta askotan balio izan du». Ildo horretatik, Etxeparek nabarmendu du duela gutxi helduen taldea ere martxan jarri dutela.
Beraz, argi dago Irunek eta euskal dantzak urte luzeko harremana izango dutela. Desfilea prestatzeko bi entsegu egingo dituzte Eraiki Dantza Taldearen egoitzan. Lehenengo entsegua bihar (hilak 31, larunbata) izango da, eta bigarrena otsailaren 7an. Beraz irundar orok aukera izango du desfileaz gozatzeko, «parte hartzeak dantza egiteko gogoa pizten du».

