Korrika eta Korrika eguna antolatzeko bilduko dira otsailaren 6an
Korrika eguna egingo dute Irunen martxoaren 21ean, Korrika baino lehenagoko egunetan herria ere animatu dadin.
49 egun falta dira 24. Korrika hasteko. Martxoaren 19an Atharratzetik abiatu eta hamaika egunez lekukoak Euskal Herriko txokoak bisitatuko ditu. Irun aurten ere zorionekoa da: Korrikak bi aldiz igaroko ditu hiriko kaleak. 23. edizioa Irunetik hasi zen, eta orduko giro ederra errepikatzeko, Korrika batzordeak bigarren bilera egingo du otsailaren 6an, Bidasoko AEKn, 18:30ean.
Euskararen aldeko martxa erraldoia martxoaren 24ean, goizaldean, iritsiko da Irunera. Oiartzungo Gurutze auzotik sartu eta hiriko kaleetatik bide egin ondoren, Berarako bidea hartuko du. Hurrengo egunean, martxoaren 25ean 05.00ak inguruan, Hendaiatik sartu eta bide laburra egingo du Korrikak, Hondarribira heldu aurretik.
Aurten, Korrika iritsi baino hiru egun lehenago, martxoaren 21ean, Korrika eguna egingo dute. Euskalzaleek Korrika heldu aurretik korrika egiteko gogoa pizteko aukera izango dute. Egunaren inguruko xehetasun guztiak datorren asteko batzarrean zehaztuko dituzte. Bilera irekia izango da, eta Korrikaren antolaketan interesa duen orori gonbitea egin diete AEKko lagunek.

