Gaur proposatuko dute terrazen ordenantza behin betiko onartzea
Osoko Bilkuran egingo dute proposamena, eta EAJk eta PSEk adierazi dute ez dutela babestuko.
Urtarrileko Osoko Bilkura egingo dute gaur arratsaldean. Hainbat gai izango dituzte mahai gainean, baina haietako batek zehazki udal taldeen mugimendua piztu du: terrazen ordenantzak. Hondarribiko lehen terrazen ordenantza izango da, eta udal gobernuak aurrera pauso garrantzitsu baten moduan ikusten du. Oposizioak, aldiz, ez.
“Besteak beste, ordenantzak terrazak kokatzeko irizpide zehatzak ezartzen ditu, oinezkoentzako ibilbide irisgarriak eta oztoporik gabeak bermatzen ditu, altzarien baldintzak arautzen ditu eta terraza guztietan gutxienez mahai irisgarri bat jartzea derrigorrezkoa dela jasotzen du”, adierazi du Hondarribiko Udalak ohar bidez.
Araudi berriarekin Abotsanitzek eta EH Bilduk osaturiko udal gobernuak “ordena eta oreka berrezartzea” du helburu. Estitxu Urtizberea zinegotziak adierazi du ez dela prozesu erraza izan, baina egoerari “konponbide bat aurkitu behar” zitzaiola. “Ostalaritza funtsezko jarduera ekonomikoa da guretzat, eta merkataritzarekin batera kohesio soziala sortzen laguntzen digu, kaleak bizitzen ditu. Baina, aldi berean, aitortu behar dugu araudirik ezak espazio publikoaren erabilera desegokia ekarri duela urte hauetan guztietan, eta horrek bizikidetza-arazoak sortu dituela”
2024. urtean eman zioten hasiera araudia sortzeko prozesuari. Hartatik, hainbat inplikatutako agenterekin bildu dira, hala nola ostalaritza sektoreko ordezkariekin eta herritarrekin. Terrazen kasuan, mugikortasunean oztopo izan dira kasu batzuetan, eta udaletik adierazi dute “zahartzen ari den gizartean” irisgarritasuna funtsezko ezaugarria izan behar dela. Horrez gain, bizilagunen atsedena eta eguneroko bizitza duina bermatzea direla araudiaren beste helburuetako batzuk.
Oposizioa aurka
EAJ eta PSE-EE aurka agertu dira. Sozialisten kasuan, salatu dute Abotsanitzek eta EH Bilduk “ez dutela gardentasunarekin jokatu”, eta udal gobernuak “ez duela enpatiarik izan herriarentzat funtsezkoa den sektore batekin”. PSE-EE: “Tramitazioaren hasieratik, gobernu-taldeak jarraitu duen prozedura elkarrizketarik ezak, informazio eskasak eta jarrera obstruistak markatu dute, bai oposizioko taldeekin, bai sektoreko ordezkariekin ere”.
Praktikotasunean, sozialistek kezka erakutsi dute Zuloaga eta Matxin Arzu kaleetako eta Alde Zaharreko establezimenduekin. “Aparkaleku batzuk terraza gisa erabil litezke, horiek desagerraraztea saihestuz”, adierazi dute. Sozialistek gehitu dute hainbat proposamen egin dituztela udal gobernuaren proiektuari, baina ezezkoa jaso dutela haien aldetik.
EAJ-k ere “elkarrizketa eta parte hartze falta” salatu du terrazen ordenantza berriaren prozesuan. Jeltzaleek adierazi dute hasieratik haiek ere beharrezkoa ikusten zutela lurzoru publikoa ordenatzen zuen araudia bat osatzea, baina haiekin egindako lana “hutsala” izan dela. “Oposizioarekin egindako lehen benetako lan-bilera, planoak mahai gainean jarrita eta egoerak eremuz eremu aztertuta, erabakiak ia guztiz hartuta zeudenean egin da”.

