"Demandan eskatutako euro bakoitza justifikatua eta dokumentatua egon behar du"
Pasaden astean iragarritako auditoria independentearen harira adierazi da Abotsanitz. Haien ustez, auditoria tresna politiko eta teknikoa da, "iluntasuna zegoen tokia argia jartzeko".
Aurreko astean Hondarribiko Udalak iragarri zuen auditoria independente bat enkargatuko zuela, Higertoki eta Zaldunbordaberri sustapen enpresek jarritako demandaren harira. Horren harira Aborsanitz herri batzarra mintzatu da, esanez “oso positibotzat” hartzen dutela hartutako erabakia. “Neurri ezinbestekoa, arduratsua eta gure konpromiso politikoarekin bat datorrena: interes orokorra azken ondorioetaraino defendatzea, diru publikoaren kontura negozioa egin nahi duen edozein saiakeraren aurrean”, adierazi du herri batzarrak ohar bidez.
Abotsanitzek esan du sustapen enpresek jarritako ia 14 milioiko demanda urteko aurrekontuaren %40a izango litzatekeela, hau da, hondarribiar bakoitzeko 800 euro gehiago. “Halako egoera baten aurrean, ez dago lasterbiderik, ez konfiantzarik, ezta isiltasun konplizerik ere”. Abotsanitzen ustez garrantzitsua da jakitea ea eskatutako euro bakoitza “behar bezala justifikatua eta dokumentatua” dagoen.
“Denbora luzez iluntasuna egon den tokian argia jartzeko” tresna da auditoria Abotsanitzen ustez. “Fakturazioa kontrastatzea, koherentzia kontable eta bankarioa aztertzea, eta interes- gatazkak edo lotutako eragiketak identifikatzea ez da zilegi soilik, derrigorrezkoa baizik, herritar guztien baliabideak jokoan daudenean”. Herri batzarraren ustez ezinezkoa da herriak bere gain hartzea behar bezala egiaztatuta ez dauden erreklamazio ekonomikoak.
“Auzi politikoa”
“Herritarren aldeko” apustua egin du Abotsanitzek, ez “huts egindako hirigintza-operazioen edo puztutako erreklamazioen aldekoa”. Auzi politiko bat da gatazka hau konpontzea haien ustez, ez izapide administratibo soil bat. “Abian den prozedura judiziala zorrotz errespetatuz, Abotsanitzetik berriro berresten dugu gardentasunarekiko, erantzukizun instituzionalarekiko eta diru publikoaren defentsa irmoarekiko dugun konpromisoa”.

