Txinzerreko langileek hitzarmen kolektiboaren negoziazioa erabat blokeatuta dagoela salatu dute
23 egun baino gehiagoko grebaren ondoren, enpresako zuzendaritzak ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Alderdi politikoei eskatzen diete berehala esku hartzea irtenbidea emateko.
Txinzerreko langileek elkarretaratzea egin dute San Juan plazan.Urko Iridoy Alzelai Azarotik egoera ez da hobetu Txinzerreko langileentzat. Azaroan aste osoko greba egin zuten, eta gaur goizean Irungo San Juan plazan Txinzerreko langileek elkarretaratzea egin dute egoera salatzeko. Enpresako zuzendaritzak ez du inolako ahaleginik egin negoziazioak aurrera eramateko, eta 23 egun baino gehiagoko greba egin dute. Enpresaren axolagabetasuna salatu dute, azken urteotan langileek erosalmenaren 16 puntu baino gehiago galdu dituzte, “eta enpresak ez du neurri bakar bat ere hartu egoera zuzentzeko”.
Urtarrilaren 26an deitzekoak ziren administrazio kontseilua, baina azkenean otsailaren 10era atzeratu egin dute. “Irungo eta Hondarribiko udalen menpeko langileak garen arren, gure soldatak udal-langileenak baino askoz baxuagoak dira”. Horiek parekatzea eskatzeko alderdi politikoekin bilerak egin ondoren, horietako hainbat ados agertu zirela baieztatu du Txinzerreko greba-batzordeak. PSE-EEk, aldiz, “jarrera hotza eta urruna” erakutsi duela gehitu dute.
Gaur egun, Txinzerreko langile batek urtean 28.000 euro gordin inguru kobratzen ditu; hau da, azpikontratatutako enpresa bateko peoi batek baino 4.000 euro gutxiago. “Egoera hau guztiz onartezina eta justifikaezina da”. Hori gutxi ez, enpresako zuzendaritzak bere soldata nabarmen igo du, eta langileek salatu dute enpresako zuzendaritzak dioela enpresako langileek gehiegi kobratzen dutela. “Txinzerreko zuzendariak Irungo alkateak baino 23.000 euro gehiago kobratzen ditu, hain zuzen, 94.000 euro urtean. Hala ere, zuzendariak lotsarik gabe adierazi du, guztioi gustatuko litzaiguke udalean bezala kobratzea”, salatu dute langileek.
Hitzarmen kolektiboaren gaineko hainbat bilera egin dituzte enpresako zuzendaritzarekin, azkena iazko ekainean izan zen. Ordutik, enpresako langileek ez dute horren gaineko berririk izan. “Horregatik guztiagatik, Irungo eta Hondarribiko udalei berehalako inplikazioa exijitzen diegu, gatazka konpon dezaten. Bestela, hurrengo Administrazio Kontseiluan irtenbiderik ematen ez bada, langileok greba mugagabea deitzeko beste aukerarik ez dugu izango”, amaitu dute agerraldia.

