"Normala da hasiera batean aldaketak ez ulertzea, baina larrialdietako pediatria ereduak beharrezkoa zuen"
Abuztuan sartu zen Pedro Morrondo Bidasoko ESIaren zuzendari moduan. Azken sei hilabeteetako aldaketak eta aurrean datozen erronkak azaldu nahi izan ditu.
Pedro Morrondok hartu zuen Bidasoko ESIaren ardura iaz, abuztuan. Lau zentroz osaturiko erakunde publikoa da Bidasoko ESIa, eta Bidasoko eta hein batean Bortzirietako biztanleak artatzen dituzte bertan. Azken urteetan, polemikaren erdigunean izan da, gehien bat Bidasoko Ospitaleak izandako gabeziak eta gizarteak egindako salaketa eta aldarrikapenak direla eta. Baina azken sei hilabeteetan, aldaketak egiten hasi da Morrondo, bere taldearekin batera, eta orain, aldaketa horiek aurkezteko nahia izan du, eskualdeko hedabideen aurrean.
Medikua ogibidez, 25 urte eman ditu Morrondok Donostiako ZIUan, beraz gertutik ezagutzen duen munduan murgilduta dago. Sartu bezain pronto, bere lehen pausoa argi zuen zuzendariak: “ESIa osatzen zuten pertsonen aldetik barneko egitura guztia ezagutu eta erakundearen gabeziak eta abantailak identifikatu”. Bilera ziklo batekin hasi zuen bere agintaritza, medikuekin, administrazioko langileekin, erizainekin, zeladoreekin… laburbilduz, ESIko zentroetako langileekin. “Hilabete bateko prozesua izan zen, eta langileek ESIko gabeziak eta arazoak trasmititu zizkidaten. Baziren begi bistako arazoak, hala nola Irungo erdiguneko zentroak dituen azpiegitura kaskarrak, baina langileekin bildu nahi genuen, haien bizipenetatik ikasteko”, azaldu du Morrondok.
Hainbat testigantza entzunda, ESIaren mapa general bat osatu zuten. Horren bidez, lan ildoa ezarri ahal izan zuten. “Zer lortu genuen jakitea zen gure lehen pausoa, hau da, ze helbururekin lan egin nahi genuen jakitea. Hor bost puntu identifikatu genituen: lehen arretako sistema indartzea, talentu berriak eta langile gazteak erakartzea, itxaron ilarak hobetzea, arazoz beterizko zerbitzuak birmoldatzea eta beharrezko azpiegiturak lortzeko prozesuak martxan jartzea”.
Morrondoren ustez, osasungintza kate bat da, eta kate horretako maila batek huts egiten badu, dena zapuzten da. “Lehen mailako arreta eta ospitaleko arreta eskutik doaz, eta hori ulertzea funtsezkoa da. Bidasoan lehen mailako arretako hiru zentro ditugu, bi Irunen eta bat Hondarribin. Horrez gain, Etengabeko Arreta Gunea ospitalean dugu, non orain beste bi mediku kontratatu ditugun, bertako zerbitzua urte osoan zehar bermatzeko”, azaldu du zuzendariak. Morrondoren ustez, Bidasoan lehen mailako arretak “osasun ederra” dauka, eta eraginkorra den zerbitzua da, eta horrez gain, bertan dauden profesionalak “langileak eta indartsuak” dira. “Gauden garai hau zaila izaten da ospitaleetan, neguan gaixotasun asko izaten baititugu. Baina gure langileek oso ondo erantzun dute, eta lasaitasun puntu batean gaude”. Halere, Morrondok adierazi du hobetzeko hainbat puntu daudela lehen mailako arretan, bai azpiegitura aldetik eta baita ere langile kopuru aldetik.
Pediatria erdigunean
Pediatriaren harira, Morrondok adierazi du eredu berri bat jarri dutela martxan. “Ni iritsi baino lehen, konturatu ziren hainbeste urte eta gero Bidasoko ESIan zegoen larrialdietako pediatria ereduak ez zuela etorkizunik. Alde batetik, ez zitzaiolako jarraikortasun egokia eman, eta bestetik, pediatria postu hutsak zirela eta, ezinezkoa zelako aurrera jarraitzea 24 orduko larrialdia pediatrikoen zerbitzuekin. Horregatik, erabaki zen lehengo eredua irauli egin behar zela, eta zerbait berria probatu”. Zuzendariaren ustez, orain ezarritako eredua bide onetik doa, eta gutxinaka errotzen ari da. Eredu berriak atentzio jarraitua eta hurbila du oinarri, eta haurraren erreferentziazko pediatrak jorratzen du. Larrialdietako momentuak aurreikustea eta lehenagotik konpontzea garrantzitsua da oraingo ereduan, hau da, prebentzioari garrantzia handia ematen dion plana da.
Morrondok azaldu du plan berriarekin ez dela larrialdi pediatrikoa alde batera uzten. “Zentro guztietan larrialdi pediatrikoa eskuragai dago, 08:00etatik 17:00etara. Gainera, maiatzetik hona zazpi pediatra berri kontratatu ditugu, eta beraz, 12 postuetatik 11 erabilgarri daude”. Horrez gain, Etengabeko Arreta Gunean, pediatrarik egon ez arren, zuzendariak adierazi du bertako medikuek formakuntza badutela haurren larrialdiak jorratzeko. Halere, beharrezkoa balitz, Donostira bideratu daitezke kasu batzuk. “Gaur egun, pediatrian bataz besteko atzerapena egun batekoa da, eta telefonoz berealakoa. Gure ustez modu egokian kudeatzen den eredua da, eta eraginkorra”. Morrondok adierazi du ohikoa dela eredu aldaketa bat ematen denean herritarrek guztiz ez ulertzea, eta kontrako aldeak agertzea, baina gutxinaka errotzen joango dela. “Aste honetan bertan gutunak bidaliko ditugu gure eskualdeko haurren gurasoei, jakinaraziz zein den haien erreferentziazko pediatra eta ze ordutegitan egongo den erabilgarri”.
Beste hainbat zerbitzuetan birmoldaketak egitea beharrezkoa izan dela esan du Morrondok, urologian adibidez. Azkeneko aukeraketa prozesuetan bete ez diren lau urologia postu zeuden ospitalean, eta horri erantzuna ematea “beharrezkoa” izan da. “Gaur egun, pauso handiak eman ditugu urologian. Donostiako Ospitalearekin lankidetzan gaude, eta gaur egun, urologia arreta bermatu dezakegu gure ospitalean. Donostiako urologoak edukiko ditugu gurean, eta beraz, zerbitzu jarraitua eman dezakegu. Hemendik gutxira gainera, urologia interbentzio txikiak egiten hasiko gara, ospitalizazioa behar ez dutenak”. Traumatologian ere, itxaron ilara handiak zeuden, eta bertan eskua sartzea erabaki dute. “Traumatologiako eredua ere aldatu behar izan dugu, eta oinarrizkoa dugu profesional berriak erakartzea aurrera jarraitzeko”.
Azken urteetan hainbat plataforma sozialek salatu dute ospitalearen egoera, eta baita ere larrialdi pediatrikoen eredu aldaketa. Plataforma horiei begira, Morrondok adierazi du prestasun osoa dutela haiekin biltzeko, eta kezkak lasaitzeko. “Egin izan ditugu bilerak haiekin, eta noski ulertzen dugula haien kezka, baina aldaketak ematen direnean pixkanaka ulertu behar dira gauzak”, azaldu du zuzendariak.
Mediku berriak erakartzeko erronka
Jende gaztea erakartzea erronka handia bilakatu da eskualdeetako ospitale txikietan. “Hasi berri diren mediku askok ospitale handietan egon nahi dute, bertan teknika eta instalazio berriak erabiltzeko aukera ikusten dutelako”. Hori bera konpontzeko ahaleginetan, ospitale handien eta eskualdekoen artean lan egiteko aukera aurkeztu diete profesionalei. Horrela, hainbat medikuk ospitale handietan eta eskualdeetakoetan era berean lan egiteko aukera dute, handietako teknika eta instalazio berriak eskualdeko lasaitasunarekin uztartuz. Aukera hori hartzen dutenak jornada erdia bakoitzean ematen dute. “Aukera horri esker, jende gaztea guri begira jarri da, profesionalki garatzeko aukera dutelako, eta haien inguruko ospitale ertainetan lan egiteko”.
Morrondok argi adierazi du: “Ez dago medikurik langabezian”. Jendea erakartzeaz gain, garrantzitsua iruditzen zaio zuzendariari langileak bertan mantentzea. Askok bide erdiko geltoki moduan ikusten dute eskualdeko ospitale ertain bat, ondoren ospitale handira iristeko. Horregatik, funtsezkoa da Morrondoren ustez langileak ongi zaintzea, haiekin batera Bidasoko Ospitaleko etorkizuneko erronkak borrokatzeko.
Azpiegitura berriak, martxan
Azpiegiturei begira, aurrerapenak iragarri ditu Morrondok. “Azkenaldian zurrumurruak entzun ditugu, esanez ez ditugula ospitaleko obrak hasi, eta egia esan, zirrara eragin digu, dena martxan dugulako. Abenduan hustu genituen administrazio sailak, eta eraiki berri dugun Jaizkibel eraikinera mugitu ditugu. Bloke kirurgikoa egiteko 24 hilabeteko obra beharko dugu, eta noski, eragozpenak sortuko ditu ospitalean, baina ahalik eta gutxienak izatea espero dugu”. Sei ebakuntza gela berri izango dira, eta teknologia berria sartuko da ospitalean. Ia 25 milioi euroko inbertsioa izango da, eta Morrondoren ustez, horri esker jauzi bat emango du ospitaleak.
Pediatriak bere eremua izango du Alarde kalean. “Irungo erdialdeko zentroa ez dago egoera onean, eta horregatik, bertako langileei eta funtzionamenduari haize pixkat ematearren, udalari lokal batzuen lagapena eskatu genien. Horrela, Alarde kalean irekiko dugu eremu pediatrikoa. Uste dut familiek ere eskertuko dute txikientzat leku propio bat irekitzea. Aurreikusten dugu 2027ko hasieran martxan edukitzea eremu hau”. Horrez gain, Oñaurreko anbulatorioaren proiektuz mintzatu da zuzendaria: “Proiektua egiteko lizitazioa martxan jarriko dugu laster. Zentro handia izango da, eta besteentzat lagungarria izan ez ezik, lehen mailako arretan birmoldaketa handia egiteko aukera emango digu”.

