Etorbidea zubiari buruzko dokumentala, Amaia KZn
Otsailaren 6an, Ribera Beka irabazi duen dokumentaleko bat aurkeztuko dute. 'Avenida Zubia. Memoria historikoa' dokumentalaren egileak Ruben Avila eta Maria Jose Noain izan dira.
Ribera Bekak bi irabazle izan ohi ditu, eta aurtengo irabazleetako bat Avenida zubia. Memoria historikoa dokumentala izan da. Dokumentalak zubiak izan duen eragina kontatzen du, eta horretarako historia eta antropologiako adituen, ingeniarien eta arduradun politikoen hitzak erabili ditu 80 minutuko dokumentala egiteko. Amaia KZn izango da dokumentalaren aurkezpena, eta sarrera doakoa den arren, gonbidapenak beharrezkoak izango dira. Udalaren webgunean eta turismo bulegoan eskuratu daitezke.
Dokumentalaren ekoiztetxea Gachiro Films izan da, Irungoa. Ruben Avila eta Maria Jose Noain Maura izan dira proiektu honen egileak. Eta dokumentalaz gain, Noainek liburu bat osatu du zubiari protagonismoa emateko eta memoria historikoaren ikuspuntutik errekuperatzeko. 117 urteko historia du zubiak, eta 1936ko gerran eremu garrantzitsua bihurtu zen, pasabidea.
Ribera Bekaren beste proiektua Traves sorkuntza esperientzia izan da. Aurkezpena otsailaren 20an egingo dute CBAn. Ageda Blasco Egiak eta Izaro Ieregi Gonzalezek egin dute, eta talde ireki batekiko performance baten bidez aurkeztuko dute. “Bidasoa ibaiarekin gorputzez gorputz bat egiten duen subjektu bat adierazi nahi izan dugu”, adierazi dute egileek. Sarrerak ere udalaren webgunearen bitartez eskuratu daitezke.
Ribera Bekak Bidasoa ibaiaren, memoria historikoaren eta muga kontzeptuaren inguruko ikerketa eta ekintza proiektuak sustatu nahi ditu. Proiektuak bikoteka landu behar dituzte: arte esparrukoa bata eta bestea ikerketaren esparrukoa. Bederatzi hilabeteko iraupena izan du, eta proiektu irabazle bakoitzak 11.250 euro bereganatu ditu, aurreko urteetan baino gehiago.

