Larunbatean Puianako BTT zirkuitua inauguratzeko lasterketa bat egingo dute
Irungo Txirrindulari Elkarteak benjaminen, kimuen eta haurren lasterketak antolatuko ditu, eta 250 parte hartzaile espero dira.
Larunbatetik aurrera BTT zaleek entrenatzeko leku berria izango dute Irunen, eta errepidera atera gabe entrenatzeko aukera izango dute hemendik aurrera. Puianako BTT zirkuitu berria estreinatuko dute larunbat honetan, hilaren 31ean, eta Irungo Txirrindulari Elkarteak hainbat lasterketa egingo ditu. Zirkuituaz gain, bizikletak garbitzeko postu bat jarriko dute, eta oso baliagarria izango da eguraldi txarra egiten duenean.
Larunbat arratsaldean izango dira lasterketak 15:00etatik aurrera. Lehenak benjaminak izango dira; 15:30ean kimuen txanda izango da; eta bukatzeko, haurren txapelketa izango da 16:15ean hasita. Guztira 250 kirolari inguru izango dira hiru probatan. Borja Olazabal kirol ordezkariak nabarmendu du zirkuitu honek aukera emango diola kirola sustatzeko probak ekartzeko, eta hiriko haur zein gazteek lehiaketa mundua ezagutzeko.
Lasterketak direla eta, larunbatean trafiko mozketak izango dira, 15:00etatk 18:00etara bitarte. Puiana hiribidea itxita egongo da, eta ondoko kaleetan hainbat trafiko aldaketa egingo dituzte.

