Elatzeta eta Etxeberri landabideak berrituko dituzte
Bideko arrakalak eta zuloak estaliko dituzte, eta bideetako galtzadetako urak ibarbideetara bideratuko dituzte.
Landabideak hobetzeko lanak laster hasiko dituzte, eta horrela landabideetako zatirik kaltetuenak edo narriatuenak konponduko dituzte. Obrak bi eremutan egingo dituzte Elatzeta bideko 8. zenbakian, Katea eta Olaberria auzoak lotzen dituen GI-3452 errepidean; eta Etxeberri bideko 15. zenbakian, Ama Xantalen ermitatik Makatzaga bideko 33.era bitartean. Obra horiek 114.267,81 euroko aurrekontua izango dute, eta bi hilabeteko epean egitea aurreikusi dute.
Bi landabideak hondatuta daude, arrakalak eta zuloak dituzte. Hori dela eta, egungo bideen hormigoizko gainazala guztiz eraitsiko dute, eta azpiko lanak egonkortzeko indusketa-lanak egingo dituzte. Eraisketaren ondoren, egungo oinarriak indartuko dituzte. Elatzeta bidean, oinarripeko lurrak hustu eta lubeta-harriz eta hormigoizko 75cm-ko oinarri berria eraikiko dute.

