Maddalen Arte Gunea, hasiera bikaina
Lehen urtearen balantzea egin dute, eta balorazio polita atera. Proiektuak aurrera jarraituko du, herriko kulturgintza sendotzeko asmoarekin.
Iazko martxoan ireki zuten Maddalen Arte Gunea, eta ezkerotik, bizitzaz bete dute eraikina. Sorkuntzarako espazio moduan izendatu zuten, eta Hondarribiko kultura sailaren eskutik ireki. Hainbat erakusketa izan dira azken urtean, baina funtsean, herriko artisten topaleku eta lantoki bilakatu da. Gainera, herritik kanpo ere burutu dituzte egitasmoak. Hondarribiko artisten elkar ezagutza sustatzea lortu dute, eta artearen harira erreferentziazko leku bat eraikitzea. Orain, iazko balorazioa egin dute, presentzialki, eta atzera begira jarri dira.
Bilera Judas Arrieta arte guneko 2025eko kudeatzaileak eta Ortzi Alonso kultura zinegotziak bideratu zuten, eta hainbat herritar batu zien bertara. Hasteko, Arrietak arte gunean egin nahi izandakoa azaldu zuen, esanez “urte askotako ametsa” zela horrelako espazio bat edukitzea. Hasierako helburu nagusiak topagune bat sortzea, artisten sinergiak batzea, artisten ikusgarritasuna handitzea eta herritarrentzat kultur gune bat irekitzea izan ziren, eta haren ustez, bete egin dira. Horregatik, balorazio “oso positiboa” egiten du kudeatzaileak.
Erakusketak, tailerrak eta egonaldiak
2025eko proiektuen errepasoa egin zuten. Bost erakusketa egin ziren martxotik abenduraino, bakoitza bi hileko luzerarekin. 29 artistek hartu zuten parte erakusketetan, batzuk taldekoak izan zirelako. Baina izan ziren ere bakarkakoak, hala nola Sandra Cuestak irailetik urrira egindakoa (Liquid Gogo) edo Naiara Goikoetxearen 470NM, urteko azkena. Erakusketak ez ezik, tailerrak egiteko ere baliatu zuten espazioa. Uztaila eta abuztuan, Kamiseten Erakusketaren harira, 3 kamiseta tailer antolatu ziren atariko plazan. Tailerrak herriko artistek gidatu zituzten, eta guztira 60 haur inguru izan ziren bertan.
Artistek egonaldiak egiteko ere erabili zuten Maddalen Arte Gunea. Goikoetxeak eta Cuestak aukera hori izan zuten haien erakusketak egiterakoan. Horrela, hurbiltzen ziren herritarrek artistaren sormen prozesua zuzenean ezagutzeko aukera izan zuten, ate irekien jardunaldiak egin izan dira eta. FIGBilbao azokako presentzia ere balorazio bileran komentatu zuten, berri oso on baten moduan.
Eta orain, zer?
Aurrera begira, kudeatzaile berriaren bila jarriko da udala, Alonsoren esanetan. Horrez gain, Aste Santura begira, kultur sailetik herriko artisten zerrenda digitala eta herriko arte guneen mapa egiteko erabakia hartu dute. Kudeatzaile berriaren programazioa otsailetik aurrera aurkeztuko dute, eta bertan jakingo dute herritarrek ze bide hartuko duen Maddalen Arte Guneak 2026an. Gainera, hainbat erronka ezarri dituzte: artistei zuzendutako espazio eta baliabide gehiago sortzea, herriko sortzaileen parte hartzea areagotzea eta komunitatea sendotzea eta aipatutako zerrenda digitala.
Beraz, balantze positiboa egin dute denek. Bilerako ondorioa ona da, eta bide berberetik jarraitu nahi dute, herriko kulturgintza sendotuz. Hasierako helburuak beteta, erronka berriei begira jarriko dira, erakusketekin, tailerrekin eta egonaldiekin aurrera jarraituz. Hasiera onaren ondoren, proiektua sendotu nahi dute, herrian errotu.

