Haurrak eta nerabeak hiriko protagonistak beste lau urtez
Irungo Udalak eta UNICEFek 'Haurren hiri laguna' hitzarmena berritu dute, eta akordioa 2029ra arte egongo da indarrean.
Irungo Udala eta UNICEF elkarlanean ariko dira 2029ko abenduaren 31ra arte, gutxienez. Haurren hiri laguna hitzarmena berritu dute gaur goizean, eta haurrak eta nerabeak etorkizuneko hiriaren protagonistak izango dira beste lau urtez. 2021-2025 aldian egindako lanaren jarraipena izango da kontratu berria, Irunek “apustu sendoa” baitu hiriko gazteen bizitza aktiboa sustatzeko.
Ekitaldi instituzionalean Cristina Laborda alkatea eta Joseba Madariaga, UNICEFen Euskal Herriko Batzordeko presidentea, izan dira. Akordio honek eraikitzen ari diren hiriaren aldeko konpromiso hauek hartzen ditu kontuan: haur eta nerabeen tokiko plaza urtero diruz zuzkitzea, 2027an akordioaren indarraldiaren erdiko txostena egitea ebaluazioa egiteko eta kontu emateko mekanismoak ezartzea. Alkateak nabarmendu du akordio honek kudeaketa publikoa ulertzeko modua berrestea dakarrela.
“Hiriaren konpromiso bat aitortzen du: haur eta nerabe irundar bakoitza entzun, babestu eta lagundu egiten diotela sentitzen duen leku batean hazteko konpromisoa”, adierazi du Madariagak. Irungo Haur eta Nerabeen I. Planaren luzapena izango da. GazteARTEanek zerbitzu ekosistemak, alegia, haurtzaroko eta nerabezaroko etapa guztietarako programa eskaintzen du, hiriko bost haurtxokotan eta bi gaztelekutan.
Gainera, IrunBIXI izeneko foroa akordio honen parte ere bada. Hala nola, bakearen eta emakumeek kirolean parte hartzearen aldeko sentsibilizazio kanpainak, sanmartzialetarako jarduerak eta kultur aniztasunaren aldeko jarduerak koordinatu eta aurrera eramaten ditu, besteak beste. Foro horren lana antolatzeko ezinbestekoa da haurrek eta nerabeek Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena ezagutzea, eta urtero Haurren Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi handia antolatzen dute.
Ildo beretik, udal politikek haurrei erreparatzea landu nahi du Udalak teknikariekin. Hori dela eta, HaurARTEan programak ikaskuntza komunitate bat sortu du, eta urtean zehar hainbat hitzaldi zein tailer antolatuko dituzte, eta horietan, elkarrizketa foroak sortzen dira gurasoen artean bizipenak eta zalantzak partekatzeko. 2021etik gero eta garrantzi handiagoa eman zaio politika publikoek haurrengan arreta jartzeari, eta hala jarraitzeko akordioa berritu dute.

