Balio bikoitzeko garaipena Zaisa Txingudirentzat
Partidako azken jokaldian lortu zuten garaipena mugaldekoek, La Unica B taldearen aurkako partida gogorra izan ostean (26-24).
Zaisa Txingudi eta La Unica B taldeen arteko partida.Garazi Santos Norgehiagoka borrokatua izan zuten Zaisa Txingudi eta La Unica B taldeek. Partidako azken jokaldira arte borrokatu zuen etxeko taldeak puntuak Plaiaunditik ihes ez egiteko. Mugaldekoek 21-24 kontrako markagailua iraultzea lortu zuten azken unean, entsegu bat egitea lortu baitzuten. Hortaz, partida 26-24 bukatu zen.
Hasieratik gogor aritu ziren bi taldeak, eta lehenengo zati bikainaren ondoren, 21-10 aldeko markagailua lortu zuten. Iruñeko La Unica taldekoek ez zuten amorerik eman, eta partida iraultzea lortu zuten. Azken minutuetan etxekoek garaipenaren gosez zeudelarik, kosta ala kosta beste entsegu bat egitea lortu zuten. Datorren asteburuan, hilaren 31a larunbatarekin, Zaisa Txingudik Eibar liderraren etxea bisitatuko du, 16:00etan.
Asteburu gazi-gozoa izan dute harrobiko taldeek. 18 urtez azpikoek garaipen argia lortu zuten Lekarozen Errioxaren aurka. Gabiria Txingudi/Baztan taldeak 61-12 emaitza lortu zuen. 16 urtez azpikoek ez zuten egun ona izan, eta Getxok mendean hartu zituen mugaldekoak (30-7). 14 urtez azpikoek ere egun txarra izan zuten, eta ezin izan zuten ezer gutxi egin Hernaniren aurka (33-0). Hernanin, aldiz, eskolako taldeek igande goiz bikaina izan zuten, maila handiko topaketa izan zen. Hainbat partida jokatu zituzten Atletiko San Sebastian, Hernani eta Ordiziaren aurka.

