Abenida zubia Memoria Demokratikoaren Leku izendatu dute
Espainiako Gobernuak eta Irungo Udalak ekitaldi instituzionala egingo dute ostiralean, hilaren 30ean, 12:00etan.
Bidasoa ibaia Gipuzkoatik Lapurdira eta alderantziz igarotzeko pasabidea da Abenida zubia. Ostiral honetan, hilaren 30ean, erbestearen eta errepresioaren biktimak oroitu eta omentzeko oroitzapenezko plaka bat jarriko dute. Ekitaldi instituzionala izango da, eta bertan Fernando Martinez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako estatu idazkaria eta Cristina Laborda alkatea izango dira, 12:00etan. Honela, Irungo Abenida zubia Memoria Demokratikoaren Leku izendatuko dute.
Biktimak oroitzeko eta erreparazioa emateko izendatu dute, eta horrek zubiaren garrantzi historiko eta soziala nabarmentzen du. Zubia 1936ko gerraren ondoren, leku garrantzitsua bihurtu zen, milaka pertsonaren indarkeriatik eta errepresiotik ihes egiteko pasabidea izan baitzen. Herritarrei eta bisitariei historia ezagutarazteko balioko du izendapenak, hala esan dute arduradun politikoek.
Gaurtik aurrera, Abenida zubiaren errekonozimendu hori ofiziala da. Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen arabera Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da eta. Espainiako Estatuko memoria historiko eta demokratikoa babesteko eta zabaltzeko leku sarean sartuko da, Memoria Demokratikoaren Lekuen Espainiako Estatuko Inbentarioan.

