Eguzki talde ekologistak Jaizkibelgo historiaurreko ondarea suntsitzeko arriskuan dagoela salatu du
Ez da lehenengo kasua izan, Eguzkik berriro ere Aldundiari dei egin dio eremu horretako sastrakak garbitzeko makina astunak bertatik kentzeko.
Ondare arkeologikoetako bat kaltetuta dagoenaren irudi hau zabaldu du udal taldeak. Jaizkibel Ondare Arkeologikoaren zona megalitikoa arriskuan dagoela salatu du Eguzki talde ekologistak. Ez da lehenengo aldia Gipuzkoako Foru Aldundiari, alegia Jaizkibelgo organo kudeatzaileari, dei egiten diola, bertatik makina astunak ateratzeko. Berriro ere eremu horretako sastrakak garbitzen aritu dira, hain zuzen, Hondarribiko paradore zaharraren inguruko eremu mugatu eta babestuan. Hori gutxi ez, obrak argitzea eta horren ondoriozko erantzukizunak eskatu die Aldundiari.
2015. urtetik salatu dute eremuan egindako suntsiketa jarraitua izan dela. Urte horretan, trikuharri baten harrietako bat hiru zatitan hautsi zela salatu zuen elkarte ekologistak, eta sei urte geroago harri horiek birrindu ziren. “Hilabete honetan, lanen arduraduna nor den jakin gabe, berriro ere makina astunak erabiliz, kalte larriak eta konpoezinak eragin dira Jaizkibelgo Estazio Megalitikoaren eremuan”, adierazi dute ekologistek.
Eremuak interes handia du, kostaldetik gertu dagoelako eta silex-hondarrak dituzten leku asko daudelako bertan. Jaizkibelgo KBEaren Kudeaketa Plana betetzeko eta finantzatzeko beharrezkoak diren bitartekoak jar ditzala eskatu dute. Sastrakarik kendu behar badute, baliabide arinagoekin izan dadila, eremua ahalik eta gutxien kaltetzeko, esan du talde ekologistak.
Horregatik, Eguzkik Aldundiari eskatzen dio makineria astunarekin garbitzeko erabiltzen duten praktikarekin amaitzeko, “oraindik ez baitakigu eremu horrek zer ezkutatzen duen lurzoru berdearen azpian”.

