Ficobak urteko lehen hilabeteetako programazioa aurkeztu du
Eskaintza anitza izango da, eta jarduera profesionalerako, instituzionalerako zein publiko zabalarentzako espazioa izango da.
Ficoba ekitaldiz beterik hasiko du 2026. urtea. Lehenengo bi hilabeteotan espazio moldarkorrak, irekiak eta estrategikoak programazio heterogeneoa izango du. Gaurtik hasita otsailaren amaierara bitarte, publiko zabalarentzako hamaika jarduera eta ekitaldi iragarri dituzte: oposizioak, kongresuak, Europako proiektuak, gastronomia, ekitaldi solidarioak eta kultura protagonista izango dira, besteak beste.
Aste honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko OPEa eta Sorturen laugarren kongresua izango dira Ficoban. Hilabete bukaeran, gastronomiaren bueltan jende ugari bilduko da, beste behin ere, Burger Fest antolatuko baitute bertan. Urtarrila amaitzeko, Ficobak Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren (AFOMEF) bilera berria hartuko du.
Otsailean ere hainbat ekitaldi izango dira, eta horien artean, Twing Raid izango da hirugarren urtez jarraian. 1.000 parte-hartzaile 500 ibilgailutan banatuta Marrakecheraino abiatuko dira. 4.000 kilometroko abentura solidarioa izango da, eta 2.000 kilo elikagai, garbiketa- eta eskola-materialaren bilketa aurreikusten dute bertara eramateko.
Otsailaren amaieran bi ekitaldi garrantzitsu antolatuko dituzte. Otsailaren 25ean Irun Kirol Gala egingo dute, eta hurrengo egunean, 26an zehazki, Antxeta Irratiak egun handia biziko du, 25. urteurrenaren ospakizuna izango baitu Bidasoa eskualdeko irratiak.

