Adimen artifizialaren eskutik doa Egiluze ikastetxea
AA ulertzeko eta noiz eta nola erabiltzeko hezkuntza plana ezarri du ikastetxeak. Horrez gain, fakenews-ak landu dituzte haurrekin.
Azkenaldian, berri edo argazki bat jasotzerakoan, galdera berdina planteatzen du irakurleak: egia izango da, ala adimen artifizialarekin egindakoa? AA Adimen artifiziala egunerokoan oso presente dago jada, eta egiaren eta eraikitako errealitateen arteko ezberdintasuna, askotan, oso txikia da. Egiluze ikastetxean horren kontziente dira, eta haien ikasleekin batera, fakenews-ak identifikatzeko eta AA irizpidearekin erabiltzeko programa bat eratu dute.
Proiektuaren izaera aitzindaria nabarmendu nahi izan dute: “Ez du arazoak agertu arte itxaroten, baizik eta txikitatik lantzen ditu pantailen erabileraren aurrean emozioen kudeaketa, identitate digitalaren babesa eta erabaki arduratsuak hartzea”. Honekin batera, Egiluze ikastetxea “erreferente gisa kokatzen da ikasleen prestakuntza integralean, gaitasun digitaletan eta herritartasun kritikoan”.
Xede argia du planak: “Programa berriak, ikastetxeko Plan Digitalean eta Tutoretza Ekintza Planean integratuta, haur eta nerabeek ingurune digital konplexu batean ikuspegi kritikoarekin, autonomiarekin eta erantzukizunez nabigatzen ikastea du helburu”. Pantailen erabilera mugatzea jarduera ohikoa bilakatu da hezkuntza arloan, baina Egiluzek beste ikuspuntu bat erakutsi du: “ez da debekatzea kontua, baizik eta ulertzea. Ikasleek irudi, bideo edo gomendio algoritmo bakoitzaren atzean zer dagoen ikasten dute, eta horrek nola eragiten duen informatzeko, harremanak izateko eta erabakiak hartzeko moduan”.
Bereizten ikasi
Bi zatitan banatu dute programa: fakenews-ak eta AA-ren erabilera. Fakenews-en harira, hainbat neurri jarriko dituzte martxan:
• Irudien, bideoen eta argitalpenen analisi kritikoa.
• Fakenews-en eta manipulatutako edukien identifikazioa.
• Deepfake-en sarrera eta alterazio digitalaren seinaleak nola antzeman.
• Ziberjazarpenaren eta arrisku-portaeren detekzio goiztiarra.
• Pribatutasunari, identitate digitalari eta esposizio publikoari buruzko eztabaidak.
• Elkarrizketa digitalen simulazioak eta “zuk erabaki” jarduerak.
Neurri horiekin, ikasleek ikuspegi kritikoa garatzea da helburua, hurrengo fenomenoen aurrean: zurrumurruen biralizazioa, errealitatea desitxuratzen duten iragazkiak edo “ikusten duguna eta ikusten ez duguna baldintzatzen duten algoritmoak”.
AA, alboan
Ikastetxeko hezkuntza planaren barnean txertatu dute Egiluzen AA. “Ikasleek tresna hauek nola funtzionatzen duten, zer aukera eskaintzen dituzten eta irizpiderik gabe erabiltzeak zer arrisku dakartzan ezagutzen dute”, azaldu du ikastetxeak ohar bidez. Horrez gain, erabilera eraikitzaileen (sortzea, ikertzea, arazoak konpontzea) eta kaltegarriak izan daitezkeenen artean “bereizten ikasten dute”, hala nola desinformazioa, mendekotasuna eta AA bidez sortutako edukien erreprodukzio akritikoa. Pantailekin moduan, Egiluzen ez dute AA saihesteko apustua egiten, baizik eta ulertzekoa eta nola erabiltzen den jakitekoa.

