Tech Irun eta GazteTEK tailerrek arrakasta handia izan dute
8 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerrak erreferente bihurtu dira, eta zientzia, sormena eta ikaskuntza uztartzen dituzte.
Irun Tech antolatutako robotika tailerrak.Bidasoa Bizirik Teknologia eta sormena lantzeko gabonetako egitasmoek arrakasta handia izan dute beste urte batez. Tech Irun eta Hondarribiko GazteTEK tailerrak erreferente bihurtu dira Bidasoa eskualdean. 8 eta 13 urte bitarteko haurrei STEAM hezkuntza sustatzeko tailerren parte-hartzea izugarrizkoa izan dela adierazi du Bidasoa Bizirikek. Bi egitasmoek oporraldirako kalitatezko alternatibak eskaintzea dute helburu.
Zientzia, teknologia eta sormena txikitatik ikastea indartu nahi dute. Tech Irun tailerretan haurrek robotika, programazioa eta teknologia sortzailearen arloan lehenengo urratsak ematen dituzte. Erronka teknologikoak landu, eta irudimena, sormena eta autonomia sustatu dituzte. Tailerrek STEAM hezkuntza sustatu dute, alegia, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika.
Hondarribian ere, GazteTEK tailerrek arrakasta handia izan dute. Gazteak zientziara eta esperimentaziora hurbildu dituzte, ingeniaritza, fisika eta biologiari lotutako jardueren bitartez. Kasu honetan ere, talde-lana eta pentsamendu kritikoa sustatzea izan dute helburu.
Egitasmo hauen esperientzia oso positiboki baloratu dute antolatzaileek, parte-hartzaileek eta familiek. Gehien estimatu duten alorra metodologiarena izan da. Erronka irekietan oinarritutakoa, hain zuzen. “Baldintza edo helburu batzuk betetzen dituen robota sortzeko jarraibideak ematen dizkiegu, eta haiek, beren ideiak eta irudimena erabiliz, sortzen dute; emaitza, askotan, ikusgarria izaten da”, adierazi du Oier Redondo tailerretako begiraleak. Gehienek argi dute zientzia haurrengana hurbiltzea oso garrantzitsua dela, “nesken kasuan nabarmendu nahiko genuke, zientzia haientzat ere bide posible bat dela erakusteko”.
Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko presidenteak eskualdearen garrantzia nabarmendu nahi izan du. “Tailer hauek eskualdeak zientzia eta teknologia txikitatik hurbiltzeko duen apustuaren adibide argia dira”.

