Palestina izango dute hizketagai San Migelgo auzo elkartean
Gaian sakontzeko bi hitzaldi antolatu ditu BorBor hausnarketa kolektiborako plazak eta Irun Palestinarekin plataformak.
Israelen sarraskiak ez du etenik izan Palestinan. Hiru hilabete baino gehiago pasa dira su-etena sinatu zenetik, baina ordutik Palestinar ugari hil ditu Israelek. Agenda publikoan Palestinak indarra galdu duen arren, BorBor Hausnarketa Kolektiborako Plazak eta Irun Palestinarekin bi hitzaldi antolatu dituzte protesta zikloari jarraipena emateko.
Lehenengo hitzordua asteazken honetan, hilaren 21ean, izango da San Migelgo auzo elkartean. Bertan, Sumud ontzidian izandako Jotas kideak Sumud ontzidia. Elkartasun eta desobedientzia ekintza internatzionalista hitzaldia eskainiko du. 18.00etan izango da, eta ontzidian bizi izandako esperientziaz eta haren aurkako errepresioak bultzatutako protesta zikloaz arituko da.
Bigarren hitzaldia hilabete barru izango da, hain zuzen, otsailaren 19an, 18.30ean. Askapena erakundeko kideek Inperialismo gogorrari internazionalismo zorrotza hitzaldia eskainiko dute, euskaraz. Kasu honetan, Landetxa auzo elkarteko liburutegian izango da, eta gatazkaren jatorriari buruz mintzatuko dira. Kolonialismoa eta inperialismo garaikidea sartu den fase berriaz, eta hari eman beharreko erantzun internatzionalistaz jardungo dira.

