Zabaltza plazako kioskoak pertsiana jaitsi du
Abenduaren 31n agur esateko unea heldu zitzaion Zabaltza plazako kioskoari. Balio handia izan du irundarrentzat. Raquel Gonçalvesek 27 urteko errepasoa egin du, eta esker oneko hitzak besterik ez ditu izan agurrean.
Raquel Gonçalves Zabaltza plazako kioskoa garbitzen dabil azken egunotan.Gorka Correyero Llamas Herri bakoitzak bere berezitasunak eta txoko kuttunak ditu. Irunek asko ditu. Zabaltza plazako kioskoa da horietako bat, eta oso maitea izan da herritar askorentzat. Elkargune bat izan da, topatzeko eta hitz egiteko gune bat. Espazio txiki horretan, egunkari eta aldizkari askoren artean Raquel Gonçalves kioskoaren jabea izan da azken 27 urteetan lanean. Abenduaren 31n edozein komertziori gustatuko ez litzaiokeen momentua heldu zitzaion erdiguneko kioskoari: pertsianak jaitsi zituen. Jabea oso pozik dago hartutako erabakiarekin, atseden hartzeko garaia heldu zaiola azaldu du. «Askorako eman dute 27 urte hauek, eta esker oneko hitzak besterik ez ditut».
Bezeroen joan-etorria izugarria da egunero. Kolon pasealekuko espaloiak estu gelditzen dira, kaletik jende andana dabil harat eta honat. Horietako asko egunero egunkaria erostera pasatzen dira, eta urte luzez bezero oso leialak izan dituela dio Gonçalvesek. «Oso eskertuta nago Irungo herriak eman didan maitasunagatik, kalkulaezina da», adierazi du pozik eta harro. Azken egunak hunkigarriak izan dira, eta kioskoa itxita dagoela jakin arren, agurtzera eta egindako ibilbidea eskertzera hurbildu dira Gonçalvesen txokora bezero asko.
Hasierako ilusioa bizirik mantentzea erraz egin zaio urte hauetan guztietan jabeari. Bezeroak lanean jarraitzeko «pizgarria» izan dira. Duela 27 urteko garaiengatik galdetuta, lehenengo egunak zailak izan zirela gogoratu du. «Kioskoa izan aurretik ez nuen inolako harremanik izan ez prentsarekin ezta aldizkariekin ere». Hala ere, «gogo handiz» aurrera ateratzea lortu zuen. Lehenengo urteetan neska baten laguntza zuen eguneko lehenengo orduetan. Azken urteotan, aldiz, bakarrik egon da kioskoan. «Salmentek ez zidaten ahalbidetzen nirekin batera pertsona bat lanean izatea».
Kiosko horrek 40 urte inguru ditu. Aurreko jabeak erretiratzeko adina zuenean sartu zen Raquel Gonçalves. «Erreleboa hartzean ez nuen aparteko arazorik izan, aurreko jabearekin lan baldintzak adostu eta kioskoaren jabetza aldatzeko burokrazia azkarra izan zen». Ordutik, Rosa Gonçalves izan da kioskoaren mostradorearen atzean.
2026an heldu zaio agur esateko momentua. Etapa berri baten hasiera izango da aurtengoa. Egunotan, pertsiana irekita duen arren, ez du egunkaririk saltzen. Udalak hasieratik argitu zuen Zabaltza plazako kioskoa enkantean jarri arte Gonçalves izango zela bertako jabea, eta hala izan zen iazko maiatzera arte. Pasa den ekainetik gaurdaino kioskoa udalarena da. Garbiketa lanak egiten dabil, eta aldizkari ugari oparitu behar izan ditu kioskoa husteko. «Bueltatu ezin dena bota behar izan dut, eta norbaitek aldizkari hauek aprobetxatu nahiko balitu arazorik gabe emango dizkiot».
Bezeroen berotasuna
Egunero irekita izan da kioskoa. Euria, hotza, beroa… denetarik jasan behar izan du espazio murritz honetan jabeak. Goiz zein arratsalde han ibili da egunkariak eta bestelako aldizkariak saltzen. «Bezeroekin izan dudan hartu-emana egunak arintzeko ezinbestekoa izan da», nabarmendu du jabeak. Hala ere, prentsa digitalak izan duen hazkundeagatik, ilusioa gutxika-gutxika galdu duela aitortu du bezeroen kopuruak beherantz egin duelako, eta atseden hartzeko momentua heldu zaiola iritzi du.
Irunen hiru kiosko daude: Gonçalvesena, San Juan plazakoa eta Kolon pasealekuko topoaren geltokiaren ondokoa. Kioskoetara adinekoak hurbiltzen dira maiz. Zoritxarrez, gazteak ez asko. «Gazte belaunaldientzat ohiko bihurtu dira pantailak, eta normalizatu ditugu». Kioskoaren jabeak argi du pertsona gutxi batzuk geratzen direla paperean irakurtzea nahiago dutenak. «Bezero horiek menderaezinak dira, ez dute amore ematen», barrez.
Etorkizun iluna
Azken batean, kiosko baten jabe batek sekulako biziraupen lehia du egunetik egunera. «Prentsaren digitalizazioaren aurrean ezin dugu lehiatu, nik ezer gutxi egin dezaket egoera bideratzeko eta papereko prentsaren egoera zail honi irtenbide bat emateko». Argi dagoena da, prentsa digitala eskuragarriagoa eta erabiltzeko errazagoa dela. Egoera den bezalakoa da, eta kioskoetako jabeek ezin dute ezer egin.
Etorkizunaz galdetuta, zalantzarik ez du izan jabeak. «Papereko prentsaren etorkizuna oso ilun ikusten dut, denbora gutxian guztiz desagertuko da». Gaur egungo gazteek pantaila bat izan dute esku artean betidanik, «ia jaio direnetik». Arraroa egiten zaie klik batean duten albistearen bila kioskora joatea. Prentsa digitalaren hazkundea oso azkarra izaten ari da. Hala ere, jabeak nabarmendu nahi izan du prentsa digitala modernizatu den bezala, kioskoek ere irudi aldaketa izan dutela azken urteetan.
Udalak kiosko zaharrak kendu, eta kiosko berriak eraiki zituen. Udalerriko kioskoak udalaren menpekoak dira, eta duela 27 urte izan bezala, azken egunotan laguntza ugari jaso ditu Gonçalvesek. Zozketa bidez aukeratzen ditu udalak kioskoen jabeak, eta orain erabakitzeke dute jabe berria nor izango den. «Printzipioz, udalaren ideia prentsa kioskoaren izaera mantentzea da». Orain ikusteko dago Zabaltza plazako kioskoaren mostradoreak zer izango duen mahai gainean.
Gonçalvesek orain zer etorriko den argi ez dakien arren, disfrutatzen jarraituko duela ziur da. Kezkatuta dago hiriak itxura bertsua hartzen ari direlako, eta betiko denden itxierak ohiko bihurtu direlako. Herri bakoitzaren esentzia edo berezitasunak galdu dira azken boladan. «Irunek betidanik izan duen esentzia galdu du, eta hala jarraitzen badugu guztiz desagertuko da tokiko merkataritza».

