Biok Txingudik urteko lehen partida izango du
Emakumezkoen taldeak urteari hasiera emango dio igandean, hilaren 18an, 12:00etan Gasteizen.
Ia hilabeteko atsedena eduki ondoren, Biok Txingudi taldeak urteko lehen partida izango du. Igande honetan, hilaren 18an, liderraren aurkako partida zaila jokatuko dute Lakuan (Gasteiz), 12.00etan. Gasteiztarren emakumezkoen taldearen harrobia sendoa eta garrantzitsua da, pasa den denboraldian txapeldunordeak izan ziren.
Bidasotarrak denboraldi hasieran izandako gorabeherak atzean utzita, jokalari eta dinamika aldaketa guztiak egonkortzeko lana egin dute txapelketako lehenengo zatian. Jokoan izandako hobekuntzek taldeari ahalbidetu diote liderrari amesteko aukera izatea, eta taldekideak oso gogotsu daude.
Harrobiak ere hainbat partida izango ditu asteburu honetan. 14 urtez azpiko taldeak Deba Arroa taldearen aurka jokatuko du Plaiaundin larunbatean, 10:30ean. Bi ordu beranduago 16 urtez azpikoen txanda helduko da, eta La Unicaren aurkako partida jokatuko du. 18 urtez azpikoen taldeak Getxon jokatuko du, bertako bigarren taldearen aurka.

