Legealdiko neurrien %82a osatu du udal gobernuak
Abotsanitzek eta EH Bilduk osaturiko gobernuak 157 neurri planteatu zituen, eta oraingoz, 119 osatu ditu edo osatzeko bidean daude, hala nola, HAPOaren onarpena, gizarte zerbitzu berriak eta herri barneko autobus linea.
Ezustean harrapatu zieten 2023ko udal hauteskundeetako emaitzak Abotsanitzeko kideei. EAJren hegemonia hautsi eta Hondarribiko udal gobernua lortu zuten, EH Bildurekin batera. Harrezkeroztik, bi urte eta erdi baino gehiago pasa dira, eta orain, denbora horren balantzea egin nahi izan du udal gobernuak. Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea eta Garoa Lekuona alkate ordeek aurkeztu dute bi urteen balantzea.
Enparanek adierazi du 142 neurri aurkeztu zituztela 2023-2027 agintaldi planean,eta ondoren 15 proiektu berri gehitu dituztela, osotasunean 157 neurri izanez. “Agintaldi planeko neurrien 119, hau da, %82a, osatuta edo osatze bidean dago”, esan du alkateak. Enparanek adierazi du gobernu planak ordenarekin eta zorroztasunarekin lan egiteko aukera eman diela, eta bide berberetik jarraitzeko asmoa dutela. “Esandakoa egiten ari gara”, gehitu du.
Helburu nagusiak
Gobernatzeko eran, helburu nagusi batzuk markatu zituen udalak, hala nola zerbitzuak modu egoki eta sendoan ematea, kudeaketa eraginkorra eta gobernantza parte hartzailea. Lehen begirada udaletxearen egiturari bota io alkateak: “Kontziente ginen, ondo jarduteko, etxea sendotu egin behar genuela, eta horretan aritu gara”. Iaz, 21 lanpostu betetzeko oposizioak atera zituen Hondarribiko Udalak, eta adierazi dute aurten ere beste hainbat deialdi egingo dituztela.
Horrez gain, udalaren parte hartze izaera nabarmendu du Enparanek. “Gobernantza parte hartzailea izan dugu beti helburu. Herritarrekin partekatutako agintaldia bilatu izan dugu, entzutez, kontrastatuz eta ondoren erabakiak hartuz”. Herritarrekin, eragileekin, subjektu pribatuekin eta alderdi politikoekin elkarlanean aritu direla azaldu du alkateak.Â
Egindakoak, sailkatuak
Etxebizitza izan da Abotsanitzen agintaldiko adar nagusia. “HAPOan aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu, eta behin behineko onarpenaren ondoren, azken fasean dago jada. Espero dugu 2026an onartuta egotea, eta aurten bertan hastea etxe berriak eraikitzen”, azaldu du Urtizbereak. Zinegotziak nabarmendu du Hondarribia gune tentsionatu izendatzeko emandako pausoa garrantzitsua izan dela.
Hirigintza arloan, arrantzale auzoko obra azken txanpan dagoela iragarri du, eta Pasaia kalekoa egiteko kontratazioa tramiteetan dagoela. “San Markos parkea atontzeko lanak ere egin dira, eta Mendeluko Stanley eraikinean Open Gela inauguratuko da hemendik gutxira”. Hirigintzaren barnean sartu duteÂ
Mugikortasuna hiri barneko autobusarekin irudikatu du zinegotziak. Azken urteetan pil pilean egon den gaia da, eta azkenean, azken txanpan sartu da proiektua. Urtizbereak iragarri du urteko legen hiruhilekoak egongo dela martxan autobusa. “Ibilgailuak eta hitzarmenak prest ditugu, soilik iruditeria osatzeko prozesu parte hartzaile bat falta zaigu”. Horrez gain, aparkalekuen ordenantza berria martxan jarri du udalak, eta baieztatu dute Zezen Plaza azpian aparkalekua egitea bideragarria dela.
Jarduera ekonomikoei dagokienez, terrazen ordenantzan zehaztu du Urtizbereak azken bi urteetako lana. “Prozesu konplexua izan da, batzuetan mingarria baita ere. Beharrezko tresna zen, eta urtarrileko udalbatzan eramango dugu bozketara”.
Alardea izan da Abotsanitzen agintaldia markatu duen gai garrantzitsuenetarikoa. “Konponbidea ezartzeko lau neurri ezarri genituen. Elkarrizketa oinarritzen da gure ibilbidea, eragileen, instituzioen eta herritarren artekoa. Adostutako akordio bat bilatzeko jardunean jarraituko dugu”, esan du alkateak.
Gizarte zerbitzuak indartzen aritu da udal gobernua azkeneko bi urteetan. Auzosare programa abian jarri dute, eta berdin Bidez bide zerbitzuarekin. Azken horrekin, herriko erdigunetik urrun bizi diren hondarribiarrek hurbiltzeko aukera izan dute, garraio publikoaren bitartez. “Dolu zerbitzua ere martxan jarri dugu, eta arrakastatsua izaten ari da. Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartzen duten herritar guztiei”, azaldu du Enparanek. Kasino Zaharreko tabernaren irekiera gehitu du ere.
Berdintasun atalari dagokionez, Berdintasun saila sortzea zen agintaldiaren helburuetako bat. Orain, sortuta dagoela, lanketak egiten dabiltza. “Bigarren berdintasun plana prestatzen gabiltza”.
Kultura da herri baten oinarrietako bat. Kultur eskaintza zabala izan da azkeneko bi urteetan, eta Enparanek adierazi du kultura auzoetara eramatea izan dela agintaldiaren xedeetako bat, eta hein batean lortu dutela. Mendelun, Muliaten eta Puntalean egin dira egitasmoak, eta hori bera Amutera eramateko asmoa dute. Madalen Arte Gunea, Papillon Zine Kluba eta Hondarribia Sormen Hiria bekak aipatu ditu alkatea, iazko lorpenen zerrendan.
Kirolari begira, Hondarribia Baltsan egitasmoa azpimarratu du Enparanek. “Eskertu nahi ditut Hondarribiko kirol klubak, Hondarribia Baltsan proiektuan izan duten inplikazioagatik, izan ere beraiek gabe ezingo genuke horrelako zerbait gauzatu”. Jostaldi frontoian hainbat berrikuntza egin dituzte, hala nola frontisaren aldaketa eta argiterian inbertsioak. Amuteko kirol gunean berdin jardun dute, saskibaloi eremua berrituz eta bertako belar artifiziala aldatuz. Azkenik emakume palistek irakasle berri bat badutela baieztatu du.
Gazteria arloan, prebentzio komunitarioa izan da protagonista. “Kontratazio egoki baten bitartez jarraipena eman diogu zerbitzuari”. 2025. urtean sinatu zuten kontratazio berria, hamabost urte ondoren.
Euskara alorrean, bi plan onartu behar zituztela esan du Lekuonak. “Euskararen erabilera sustatzeko planean lanketan jarraitu dugu, hauek ez dira eta kajoian gelditzeko planak. Euskara legealdian “estrategikoa” dela adierazi dute, eta horren harira, Euskal liburu eta disko azoka “indartu” egin dutela.Â
Ingurumenaz eta energiaz mintzatu da Lekuona: “Jaizkibel mendia babesteko udal ordenantza abuztuan jarri genuen martxan. Blokeo egoeran zegoen, eta elkarrizketaren bidez desblokeatzea lortu dugu”. Etxeko animalien ordenantza egiteko lehen urratsak eman dira, eta Lekuonak aurreikusten du 2026an hastea fruituak ematen. Azkenik, energia-burujabetzaren bidean energia-komunitateak martxan jartzeko prozesu parte-hartzailea abiatu da erakunde arteko lankidetzarekin.Â
Etorkizuneko erronkak
Enparanek argi du legealdia oraindik ez dela bukatu, eta 2027ko maiatzera arte “asko dagoela egiteko”. Alkateak adierazi du gogo biziz daudela proiektuak osatzeko, eta pixkanaka denak martxan jartzen ari direla. Hurrengo proiektu batzuk aipatu ditu: kiroldegiko spa eta sauna eremua konpontzea, hilerria biziberritzea, Higer itsas argia bereganatzea, San Nikolas atean eta Baluartean esku hartzeak egitea eta Mendelun uholde arriskuari aurre egiteko lanak egitea, besteak beste. “Etxebizitza izango da gure urte terdi honen oinarri nagusia, eta hainbat erronka ditugu aurrean. Baina gure herritarrek merezi duten herria sortzeko gogoa eta ilusioa dugu”.

