Hilaren 31ko manifestazioko aurkezpena, erakusketarekin eta pintxo potearekin
GKSren ekimenez, urtarrilaren azken eguneko manifestazioa aurkeztuko dute Olagarron, datorren ostegunean. Horrez gain, Palestinako gatazkaren inguruko argazki erakusketa bat egingo dute, eta ondoren, pintxo potea.
Urtarrilaren 31n Bilboko eta Iruñeko kaleak hartzeko deialdia egin du GKSk. Ohikoa den moduan, manifestazioaren aurkezpenak egingo dituzte Euskal Herriko herrietan zehar, eta Hondarribikoa hurrengo ostegunean, hilaren 22an, egingo dute, Olagarro elkartean. “Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka” manifestatuko dira, adierazi du Bidasoako GKSk ohar bidez.
Gaur egungo gizartean eskuin muturraren gorakada ageriko gauza da, eta GKSko kideek adierazi dute ez dela urruneko zerbait. “Europa osoan zehar eskuin muturreko alderdi politikoak indarra hartzen ari diren honetan, Euskal Herrian faxismoari gauzak erraz utziko ez dizkion indar handi bat dagoela erakusteko mobilizatuko gara”, adierazi du Bidasoako GKSk.
Haien ustez, faxismoaren hedapena ez da soili adierazten alderdi politiko jakin batzuen arrakastarekin. “Sare sozialetan eta hedabide nagusietan zabaltzen eta gizarteko zenbait sektoretan orokortzen ari diren ideiak (klasistak, arrazistak, matxistak, gerrazaleak, ultranazionalistak), baita kaleko talde militante faxisten areagotzeak ere, fenomeno beraren parte dira”, adierazi dute Mugimendu Sozialistako kideek. Horren harira, iragarri dute “gertatzen ari denaren arrazoiez eta horri aurre egiteko beharraz” arituko direla herrietan egingo dituzten aurkezpenetan.
Aurkezpenaz gain, erakusketa eta pintxopotea
Arratsalde osoko programazioa prestatu dute GKSko kideek hurrengo ostegunari begira. 17:00etan irekiko dituzte ateak, eta era berean, “Palestinaren gatazkari errepasoa ematen dion erakusketa” jarriko dute martxan. Argazki erakusketa bat izango da, eta bertan XX. mendearen hasieratik gaur egun arte gatazkak izandako gertakariak irudikatuko dituzte. “Besteak beste, presente egongo dira Lehen Mundu Gerran zehar, eta, ostean,Britaniar Erresumaren kolonialismoak jokatu zuen papera, Israelgo Estatuaren aitortzaren zergatiak, proiektu sionistaren izaera espantsionista eta lurralde arabiarrean eragindako gerrak, palestinar erresistentziaren alderdiak eta haien historia eta azken urteotan Gazan zein Zisjordanian gertaturikoak”.
Irudiak erakusteaz gain, beste espazio bat prestatu dute GKSko kideek, hausnartzeko xedearekin. Panel dorreak izango dira bertan, “zein da genozidioaren errudun? Zer egitea dagokigu guri honen aurrean?” galderei erantzuteko aukerarekin. “Azken hilabeteetan gaia zokoratzea lortu duen bake planaren faltsukeria eta gobernuek zein mundu mailako zenbait instituziok izandako hipokrisia erakusteko aukera ere izango da”.
19:30ean egingo dute aurkezpena, eta ondoren, pintxo potea izango da Olagarron.

