Haserrea agerian uzteko Biriatuko pasabidea moztu dute abeltzainek
Dermatosi nodularrak eta Mercosurrek abeltzaintzaren sektorea "haragi bizitan" uzten ari direla salatu dute Euskal Herri osotik heldutako abeltzainek, EHNE, ENBA eta UAGN nekazaritza eta abeltzaintza sindikatuek deituta.
Babesgabetasun betea sentitzen dute eta horrek haserrea piztu du nekazari eta abeltzainen artean. Haserre hori, Biriatuko pasabidera eraman dute gaur Euskal Herri osotik heldutako nekazari eta abeltzainek, hura moztuta, bizi duten egoera larria erdi-erdian jartzeko. EHNE konfederazioa, ENBA eta UAGN nekazaritza eta abeltzaintza sindikatuek deituta dozenaka eta dozenaka izan dira protestarekin bat egin duten abeltzainak. Eguerdian eta 14:00ak aldera egin dituzte Irun eta Biriatu artean mobilizazioak. Inguruko trafikoan eragin nabarmena izan dute protesta ekintzek.
Dermatosi nodular kutsakorraren hedapena eta Europako Kontseiluak UE-Mercosur merkataritza akordioa onartu izanak piztu du egonezina, eta eskaera zehatzak egin dituzte gaurko protestara bildutakoek. Hala, Frantziako Estatuarekin mugakide diren autonomia erkidego guztiak osorik txertatzea ezinbestekoa jo dute, “ez zaigu nahikoa iruditzen Euskal Autonomia Erkidegoan Gipuzkoan bakarrik egite txertaketak, ezta Nafarroako iparraldeko zerrenda soil bat txertatzea ere. Erkidego bereko ustiategien eta hiltegien arteko mugimendu ugariek erabat justifikatzen dute erkidego osoa txertatzeko eskaria”.
Hego Euskal Herriko herri mendietan osasun hustuketaren gaia berraztertzea eskatu dute, halaber. Izan ere, zenbait kasutan txertatutako eremuetako eta txeratu gabekoetako animaliak elkarrekin bizi direla jarri dute agerian. Harago jo dute, eta herri mendietan ehunka abelburu dituzten eremuetan osasun hustuketa ezartzea “kolpe suntsitzailea” litzatekeela sektorearentzat adierazi dute, “bai ekonomikoki, bai produktiboki, baita animikoki ere”.
Kezka dute, “asko dago jokoan”, eta horrenbestez, kontrol handiagoa eta zorrotzagoa jartzeko eskatu dute “Espainiako eta Frantziako agintariei, baita tokikoei ere, mugan. Bestela, osasun arrazoiak medio, Frantziako ganaduaren sarrera aldi baterako debekatzea”.
Baserrientzako zuzeneko laguntza sistema ere galdegin dute gaurko protesta horretan: merkatu kotizazioen araberako kalte-ordainak abereen sakrifizioagatik, animaliak berriro erosteko kalte ordainak; jardueraren aldi baterako etenagatik kalte ordainak; eta ustiategian kutsatu litezkeen lehengai eta produktu guztiak ezabatzearen ondorioko kalte-ordainak bermatu beharko lituzke laguntza lerro horrek.
Europako Batzordeari, bestalde, neurri arautzaileak har ditzala eskatu diote, gaixotasunean positibo izan diren animaliak bakarrik sakrifika daitezen. Positibo bat gertatuz gero ustiategi osoaren osasun hustuketa ez dadila ezarri, alegia. “Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, berriz, jarrera proaktiboa izatea eskatzen diogu; jarrera horren falta sumatu dugu”, gaineratu dute, baita egoeraren larritasunari azpimarra jarri ere, “osasun hustuketa bakoitzak, ustiategi horren itxiera automatikoa dakar, eta hori gurea bezain ahula den arloan, sektorearen heriotza”.
Enpresa eta korporazio handien eskutan
UE-Mercosur akordioa ere kalteko. Hura sinatuta Europako abeltzaintza sektoreari “bizkarra eman” diotela salatu dute, “behi haziendaren sektorea Hego Amerikako haragi sektore ahaltsuaren esku utzita, enpresa eta korporazio handien eskutan, alegia”. Hori horrela, Mercosur herrialdeetatik inportatutako nekazaritza eta abeltzaintza produktuei elikagaien kalitate eta segurtasun estandar berberak, ingurumeneko eta animalien ongizateko baldintza berak, eta Europako Batasunak bere ekoizpen sektoreari eskatutako lan baldintzak bete ditzatela eskatu dute, “horrela, Europako kontsumitzaileek Europako elikagaiak kontsumitzen dituztenean lortzen duten elikadura berme bera izan dezaten”.
Horrekin lotuta akordioaren berrespena baztertzeko eskatu diete bereziki EAEko eta Nafarroako ordezkariei, “lerroka daitezela ordezkatzen omen dituzten abeltzainekin”. Bukatzeko Europako parlamentuko hainbat eurodiputatuk UE-Mercosur merkataritza akordioa Europako Batasuneko Justizia Auzitegian errekurritzeko iniziatiba aurrea aterako den itxaropena azaldu dute.

