Asteburu borobila Super Amara BAT taldearentzat
Taldekako hainbat podiumera igo dira Pista Estaliko Gipuzkoako Txapelketan, eta Euskadiko Kross Txapelketan ere emaitza onak lortu ditu.
Ander Aramendi 23 urtez azpiko Euskadiko Kross Txapelduna.Super Amara BAT taldea Lehiaketez betetako asteburua izan dute Super Amara BAT taldeko kirolariek. Bi hitzordu nagusi izan dituzte, larunbatean Donostiako belodromoan, eta igandean, berriz, Ortuellan (Bizkaian). Igandean, Ortuellan (Bizkaia) Euskadiko Kross Txapelketan parte hartu zuten hainbat kirolarik. 18 urtez azpikoetan Super Amara BATek izugarrizko emaitzak lotu zituen. Emakumeen taldekako sailkapenean garaipena lortu zuten; mutiletan, aldiz, bigarren postua eskuratu zuten. Ander Aramendiren eguna ere izan zen. Urteko bigarren garaipena lortu zuen 23 urtez azpikoetan lehenengo postua eskuratuta. Urteari sekulako hasiera eman dio San Juango gazteak, Mitxintxolako igoera etxean irabazi zuen hilaren 4ean, eta HITZA kirolariari gaztearekin egon da 2025. urtearen errepasoa egiteko.
Bi lehiaketatan izugarrizko emaitzak lortu dituzte Bidasoko atletek, taldekakoan zein banakakoan. Larunbatean ere aipatzeko emaitzak lortu zituzten Laia Olaskoagak eta Aritz Zuazok. Olaskoagak 200 metroko lasterketan txapela eskuratu zuen 23 urtez azpikoetan. Zuazok, ordea, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen alturako proban.
Gipuzkoako Gazteen Txapelketarekin batera, momentu oso bereziak bizi izan ziren belodromoan. Bi urtez pistetatik kanpo egon ostean, Teresa Errandoneak pistako zapatilak berriro jantzi zituen. 60 metrotako bi diziplinetan parte hartu zuen, lauetan eta hesietan. HITZAk pasa den ostiralean, Teresa Errandonearen elkarrizketa bat ondu zuen.
Bidasoko Maratoi Erdiko dortsalak agortu dira
Hilabete eta erdi falta den honetan, Bidasoko Maratoi Erdiko azken dortsalak saldu dira. Bi distantzietako lasterketetan sekulako jendetza bilduko da, inoiz ez baita sold out egin lasterketan. 1.700 parte-hartzailek 21 kilometrotako ibilbidea egin beharko dute, eta 650 korrikalarik, berriz, 10 kilometrotako ibilbidea egin beharko dute.

