Irungo tren geltoki berriak ateak irekiko ditu asteartean
Lan guztiak udararako amaituko dira, baina orain zati bat irekiko dute. Aldirietako zerbitzuen %67a berreskuratuko dute.
Irungo tren geltoki berrian hainbat aurrerapen egin dituzte. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak, Irungo alkate ohi eta Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatu Idazkariari Jose Antonio Santanorekin batera, geltokiko berritasunak aurkeztu dituzte. Adierazi dute lanak uda baino lehen amaituak egongo direla, eta hartan irundarrek instalazio berrietaz gozatzeko aukera izango dutela. Baina datorren astetik aurrera jada geltokiaren zati bat ireki egingo dute.
Asteartean irekiko ditu ateak geltoki berriak, zaharra suntsitu zutenetik bi urteren ondoren. Hori ez ezik, bertako lanek oztopatutako aldirietako ohiko ordutegia hein batean berreskuratuko da. Oraingoz, lau aldirietako zerbitzu berri sartuko dituzte noranzko bakoitzean, lanegunetan, urtarrila bukatu baino lehen, hau da, lehengo ordutegiaren %67a berreskuratuko dute.
“Trenaren urtea”
Osotasunean hamar nasa edukiko ditu geltoki berriak, eta Santanoren ustez, geltoki “oso garrantzitsu batean” bilakatuko da Irungoa. Alkate ohiaren ustez, 2026a “trenaren urtea” izango da Irunen, eta hori “ospatzeko” gauza da. Aldirietako zerbitzuen %100a berreskuratzea dute helburu, baina baita ere Hendaiarekin harreman zuzena sortzea, eta AHTaren lanetan “burubelarri” jarraitzea.

