TAO txartela berritzeko kanpaina abian da
Txartelak automatikoki berrituko dira, eta urtarrilaren 30ean egingo dira helbideratutako ordainketak.
Urte hasierarekin batera, Hondarribiko Udalak martxan jarri du 2026rako TAO egoiliar txartela berritzeko prozesua. Herritarrei gauzak errazteko asmoz, jada txartela duen eta baldintzak betetzen dituen orok automatikoki berrituko du txartela. Gainera, ez da beharrezkoa izango jada autoan itsatsita duen pegatina kentzea.
Ordainketa urtarrilaren 30ean egingo da, helbideratutako kontu korrontearen bitartez. Ordainketa helbideratuta ez duten erabiltzaileek ordainagiria etxean jasoko dute, eta bertan jarriko duen kontuan ordainketa egitean berrituko zaie txartela. Helbideratzeko aukera ere bada, urtarrilaren 25a arte.
Ibilgailu, etxebizitza edota baldintza aldaketarik balego, edo bertan behera utzi nahi bada, Udaltzaingoarekin harremanetan jarri beharko da herritarra, urtarrilaren 23a baino lehen, telefonoz (943111331/943111323), helbide elektronikoz (adm-udaltzaingoa@hondarribia.eus) edo aurrez aurre.
Enpresa autoak eta rentingak
Ibilgailu pertsonaletatik kanpo, enpresa autoek eta renting bidezko ibilgailuek, adibidez, baldintza bereziak bete behar dituzte. Erabiltzaileek auto horiek erabiltzeko eskubidea justifikatu beharko dute, hurrengo agirietako baten bitartez. Ibilgailuaren aseguru-poliza, ohiko gidari gisa agertzen dena; leasing edo renting kontratu originala, titular gisa agertzen dena; enpresaren ziurtagiria, interesdunari ibilgailua lan-ordutegian zein hortik kanpo modu esklusiboan erabiltzeko baimena ematen diona.

