"Ilusio handia dut, fisikoki eta mentalki prest nago"
Irungo hesi lasterkaria bi urtez pistetatik kanpo egon ostean, lehiaketetara bueltatuko da. Ilusio handiz ekingo dio etapa berri honi, bihar izango du estreinako proba Anoetako belodromoan.
Teresa Errandonea Fernandez, Anoetako belodromoan. Imanol Saiz Gomez de Segura Bi urte geldirik egon ostean, Teresa Errandonea Fernandez (Irun, 1994) hesi lasterkaria pistara bueltatuko da. Bihar izango du geldialdiaren osteko lehen proba Anoetako belodromoan. Fisikoki erabat osatu ondoren, disfrutatzeko asmoz jantziko ditu berriro pistarako oinetakoak. Helburuez galdetuta, eguneroko lanari garrantzia eman nahi dio etapa berri honetan, eta epe laburreko helburuak betetzen ahaleginduko da.
Bihar izango duzu estreinako lasterketa Donostian. Bi urte lehiaketatik kanpo egon ondoren, nola sentitzen zara?
Ilusio handia daukat. Bi urte hauetan atsedenaldia behar nuen, bai fisikoki, bai mentalki. Denbora tarte honetan jarraitzeko sentipenak izan ditut, ezin nuen kirola guztiz alboratu. Ezin nuen pistatik aldendu. Irailean, Ramon Cid nire entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta aurre denboraldirako tarte bat adostu genuen. Tarte honetan nire egoera fisikoa lantzen egon naiz, ez bainekien nire gorputzak nola erantzungo zuen. Fisikoki maila onean nago, eta ilusio handia dut datorrenari gogo handiz heltzeko. Desberdina izango da, zalantzarik gabe. 31 urte ditut, eta ez naiz garai bateko Teresa. Bizitako esperientziek asko lagunduko naute datorrenari aurre egiten.
Nolakoa izan da lehiaketatara itzultzeko urratsa?
Lesioek behartu ninduten erretiroa hartzera. Egunero sekulako mina sentitzen nuen, herren jaikitzen nintzen. Entrenatzen jarraitzea ez zen bideragarria, atsedena behar nuen. Barrutik asko sufritzen nuen. Lesioak izan nituen azken denboraldia gogorra izan zen. Atsedena hartu nuen, erlaxatu nintzen. Zortzi urte nituenetik kirol hau praktikatzen nabil, eta beste saiakera bat egiteko hautua egin nuen. Azken batean, hori izan da bueltatzeko arrazoi nagusia.
Fisikoki gaur egun nola zaude?
Azken hilabeteotan ondo entrenatu naiz, eraberrituta nator. Lesio zailak izan ditut soleoan zein Akilesen tendoian. Tendoiek ez ninduten erabateko entrenamendurik egiten uzten, arazoak nituen. Geldi egon naizen bi urteetan eta aurre denboraldiko hilabete hauetan ez dut arazorik eduki. Espero dut horrela jarraitzea.

Teresa Errandonea Fernandez, lehiatzen.Sport Media Agency
Akilesen tendoiaren haustura lesio larria izan ohi da, eta errekuperazio prozesu luzea du.
Ez nuen guztiz apurtu tendoia, baina denbora luzez tendinitisa izan dut. Horrek asko zailtzen zuen erregulartasunez eta naturaltasunez lehiatzea. Denboraldian lehiaketen arteko atseden egunak baliatzen nituen, baina zaila zitzaidan lehiaketako erritmoa hartzea. Gorputzak beti du arrazoi, eta azkenean, atseden hartzera behartu ninduen. Ez dut ebakuntza-gelatik pasa behar izan, baina lesioek arazo ugari sortu dizkidate egunerokoan.
Nola gogoratzen duzu kirola uzteko erabakia?
Oso gogorra izan zen. Hegoafrikako kontzentrazioan nengoen 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak prestatzen. 2023ko abendua zen eta ezin nintzen entrenatu. Entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta gelditzeko erabakia hartu genuen. Ilusio handiko denboraldia zen, baina gelditzea ezinbestekoa zen. Hegoafrikara joan aurretik arazo fisikoak izan nituen. Aurreko urteko denboraldia ere aldez aurretik utzi behar izan nuen soleoan izandako lesioak zirela eta. Ilusio handiz ekin nion denboraldiari Olinpiar Jokoak jomugan nituela. Behin denboraldi erdia pasata kirola uzteko erabakia hartu nuen.
Pistetatik kanpo egon zaren denbora tarte honetan, atletismoari lotuta jarraitu duzu. Errutinari dagokionez, errutina bera jarraitu al duzu?
Bizimodu osasuntsua izan dut. Pistan entrenatzen jarraitu dut, astean birritan. Nahiz eta lehiatu gabe egon, pistara etortzea lagungarri izan zait. Beste kirol batzuk probatzeko aukera izan dut, gainera. Bost hilabetez boxeoan aritu naiz, alegia, lehen ezin nituen planak egiten ahalegindu naiz.
Atletismoa guztiz alboratzea ez da aukera bat izan. Maria Vicente taldekidearekin lanean egon zinen 2024. urteko Munduko Txapelketa prestatzen.
Bai, hala da. Lehiaketatik kanpoko entrenamenduak egiten nituen. Taldekideekin batera entrenatzen nintzen, bakoitzak bere entrenamenduak egiten genituen. Maria Vicente eta Irati Mitxelena iaz Tokion [Japonia] egindako Munduko Txapelketa prestatzen ari ziren, eta haiei psikologikoki laguntzen egon nintzen. Lehiaketa bat prestatzen zaudenean zaila da bakarrik entrenatzea, horregatik lanketa elkarrekin egin genuen.
Atletismoa bakarkako kirola bada ere, taldeak garrantzi handia du. Agurrean taldearen lana eskertu zenuen. Denbora honetan guztian babestua sentitu al zara?
Bai. Sekulako babesa izan dut, Espainiako Txapelketan taldekide guztiek T bat egin zuten eskuekin nire omenez. Sekulakoa izan zen, oso polita. Atletismoa bakarkako kirola da, baina guztiok elkar laguntzen dugu. Egunero Anoetako belodromora entrenatzera etortzea sekulakoa da.
Ibilbide luzea izan duzu, eta urte horietan garaipen-zerrenda luzea lortu duzu. Nola sentitzen zara lortutako guztiarekin?
Oso pozik nago. Hala ere, arantza bat dut marka pertsonalak ezin hobetzeagatik. Pista estalian 8 segundoko marka eta aire librean 13 segundoko marka hobetzea nahiko nuke, baina ezin izan dut. Garaipenen aldetik, ordea, ez dut arantzarik. Aurretik zehaztutako guztia lortu dut, eta.i orain. bueltatzeko erabakia hartu nuenean nire entrenatzaileak argi esan zidan: «Teresa, zuk egin behar zenuena egin duzu, orain disfrutatu».
Oso goiz hasi zinen lehiaketetan parte hartzen, eta emaitza onak lortzen. Nolatan erabaki zenuen hesi diziplinan parte hartzea?
Zortzi urte nituela atletismo eskolan hasi nintzen. Entrenatzaileek diziplina guztiak probatzera behartu gintuzten. Lagun taldearekin hitz egin nuen eta bakoitzak diziplina bat prestatu behar zuen Espainiako Txapelketari begira. Ez dakit zergatik, baina entrenatzaileek ikusi zuten hesietan ondo aritzen nintzela. Hasieran hesiak ez zitzaizkidan batere gustatzen, luzera-jauzia gustuko nuen. Gutxinaka-gutxinaka hesiak lantzen hasi nintzen, eta gaur egun nire lagun bilakatu dira.
Espainiako Txapelketan bost aldiz txapeldun izan zara, eta Olinpiar Jokoetan parte hartu duzu. Lorpen hauek izen handien zerrendan jarri zaituzte. Nola daramazu hori?
Palmaresak asko laguntzen du, eta lehiaketa garrantzitsuetarako sarbidea eman dit horrek. Nazioarteko sailkapenean puntu ugari lortu ditut, eta markak hobetzen eta lehiaketak irabazten lagundu dit. Honek guztiak, azken batean, Olinpiar Jokoetarako sarbidea eman dit.
2019tik 2021era bitarte lorpen ugari izan zenituen. Zer oroitzapen dituzu urte haietaz?
Oroitzapen oso onak ditut urte haietaz. Entrenatzaile aldaketa izan nuen. Ibon Muñoz izan zen nire lehen entrenatzailea, eta Irunen entrenatzen ginen. Irundik Donostiara salto egin nuen, eta Ramon Cidekin lorpen handiak izan ditut. 2022an ere Espainiako txapeldun izan nintzen, eta 2023ko pista estaliko txapelketan zilarrezko domina eskuratu nuen. Lehiaketa hura lesioaren aurreko nire azken lehiaketa izan zen, fisikoki ezin nuen gehiago egin. Nire ustez, urte horiek onenak izan ziren.
Lorpen bat nabarmendu beharko bazenu zein izango litzateke?
Pista estalian 2020ko Madrilgo mitina nabarmendu nahiko nuke, bertan marka pertsonala lortu bainuen. Aire libreko txapelketen artean, berriz, bi nabarmendu nahiko nituzke. 2020ko Espainiako Txapelketa, horri esker lortu bainuen Tokioko Olinpiar Jokoetarako sarbidea; eta beste alde batetik, 2020. urteko Madrilgo mitina.
Nola azalduko zenuke goi mailako atleta baten egunerokoa? Nolakoa da zure bizitza?
Egungo errutina eta garai batekoa ez da berbera. Gaur egun, jardunaldi osoko ordutegia dut enpresa batean, goizetik arratsaldera. Lantokitik ateratzean nator entrenatzera, denbora gutxiago dut atseden hartzeko. Garai batean bestelako lan ordutegia nuen, eta horrek asko errazten zidan dena lehiaketak ondo prestatzeko eta beharrezko atsedena hartzeko. Eginkizun nagusiena atletismoa zen.
Lehiaketa garrantzitsuak prestatzeko aldaketak egiten dituzu zure egunerokoan?
Dena aldatzen da. Entrenamenduen kopurua handiagoa da, elikadura, atsedena… Egunerokoa lehiaketan zentratzen ahalegintzen naiz. Otsailaren amaieran Espainiako Txapelketa dut, eta handik gutxira Munduko Txapelketa. Hortaz, aste horiei begira aldaketak egin beharko ditut entrenamenduetan.
2021ean estreinakoz aritu zinen atletismoaren lehiaketa garrantzitsuenean: Tokioko Olinpiar Jokoetan. Nola oroitzen dituzu pandemia garaiko Olinpiar Joko haiek?
Oroitzapen arraroak ditut. COVID-19aren garaiko Olinpiar Jokoak izan ziren, harmailak hutsik zeuden. Neurri ugari zeuden. Pozik Olinpiar Jokoetan lehiatu nintzelako estreinakoz, baina aldi berean triste pistan bizitako giroagatik. Esperientzia, inoiz bizi dudan onena izan zen; lehiaketari dagokionez, ez ditut oroitzapen onik. Tibian lesio bat nuen, eta ez nintzen %100 iritsi zita garrantzitsu hartara.
Atletismoa bizimodu bilakatu duzu, bihar hainbeste maite duzun pistara bueltatuko zara. Nolakoa izango da lehiaketatara bueltatuko den Teresa Errandonea?
Hiru urte lehiaketetatik kanpo egon ondoren, ez dakit nolakoa izango den biharkoa. Ilusio handia daukat, fisikoki eta mentalki prest nago. Hasieratik argi izan nuen biharkoa bueltako nire lehen lehiaketa izango zela. Belodromoan egunero entrenatzen naiz, oso ondo ezagutzen ditut bertako txoko guztiak. Oso berezia izango da, nire taldekideak, entrenatzailea eta senideak izango dira. Nik uste dut ondo aterako dela, hala ere, urduritasunak kudeatzeko lan handia egin beharko dut. Markak egiteko lehiaketa izango da, eta onena ematea espero dut.
Etapa berri honetan, dominen lehian ikusiko zaitugu edo besterik gabe gozatzera zatoz, helburu garbirik gabe?
Maila handiko entrenamenduak egiten nabil, baina ez dakit nolakoa izango den hasiera. Nire bizimodua ez da garai bateko bera lan kontuengatik. Ikusi beharko dut ea nola hasten naizen, zein garapen dudan. Fisikoki ez dut arazorik izan entrenamenduetan, lehiaketan espero dut ere horrela jarraitzea. Ondo egiten ahaleginduko naiz, disfrutatzen. Hala jarraituz gero, emaitza onak lortuko ditut.
Disfrutatzea da asmoa, baina hala ere, helburu zehatzak ezarri al dituzu datozen lehiaketetarako?
Lehiaketetara ohitzea izango da erronka nagusia. Nire helburua Espainiako Txapelketetan parte hartzea da, horrek esan nahiko du fisikoki eta mentalki prest nagoela berriz ere lehiaketetako errutinara ohitzeko. Otsailera bitarte gauza asko gerta litezke eta horregatik ez dut helburu garbirik jarri nahi. Txapelketa ongi prestatzeko bihartik otsaila amaierara bitarte astebururo lehiatzen ahaleginduko naiz.
Hitz gutxitan, nola deskribatuko zenuke atletismoa?
Kirol honek bizimodu bat eman dit. Bizitzako balio ugari erakutsi dizkit, bizitzaren beste arloetan garrantzi handia dutenak. Oso eskertuta nago esperientzia hau bizitzeko aukera izateagatik.
Gipuzkoako atletismoaren hutsune handiena instalazioak dira. Nola bizi duzu gaur egun kirol honen egoera?
Anoetako miniestadioa eraikitzen ari dira. Pista estali bakarra belodromoan dago. Pista eraberritu zuten duela urte batzuk, baina instalazioak oso zaharkituak daude. Argi dago atletismoak ez duela futbolak izan dezakeen fokua, eta ez ditugu laguntza handirik jasotzen. Inbertitzea ezinbestekoa da kirola garatzeko, eta gaur egun oso zaila iruditzen zait. Atletismoaren egoera ona ez bada ere, Gipuzkoan goi mailako atleta ugari nabarmendu dira azken urteotan. Maila handiko talde ugari elkartzen gara Anoetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mailari dagokionez, Gipuzkoa da atleta gehien biltzen dituen lurraldea.
Etorkizunari begira, nola ikusten duzu bertako atletismoaren egoera?
Maila handiko kirolari ugari daude, lorpen handiak bildu dituztenak azken txapelketa nagusietan. Ander Garaiar oiartzuarrak 20 urtez azpiko Europako Txapelketan urrezko domina eskuratu zuen 100 metrotan. Ramon Ciden taldean, Maria Vicente eta Irati Mitxelena bezalako kirolariak daude gorenean. Harrobiko lana oso garrantzitsua da, eta eskoletan sekulako lana egiten ari dira.
Bertako atleten maila bikaina dela esan duzu. Noiz arte ikusiko zaitugu lehiatzen?
Ez dakit. Gaur egungo helburua egunez egun joatea da. Urte askotan izan dudan akatsik handiena etorkizunari garrantzi handia ematea izan da, egunezko eguneko lanketa kontuan hartu gabe. Orain lanketa horri garrantzi handia emango diot. Ikusiko dugu noiz arte irauten dudan atletismoan.

