2026ko Irungo inauteriek badute kartela
Telmo Sanz Alchuren 'Kilonbo' kartelak aurtengo inauteriak iragarriko ditu, eta kartel sariketaren 600 euroak irabazi ditu.
Telmo Sanz Alchu eta Nuria Alzaga aurtengo inauterietako kartelarekin. Irungo Udala Hilabete bat falta da aurtengo inauterietarako, eta dagoeneko badute kartela. Telmo Sanz Alchu irundarraren kartelak otsailaren 12tik 17ra izango diren inauteriak iragarriko ditu. Kilonbo izena du kartel irabazleak, eta egileak haurren begiradatik islatu nahi izan ditu hiriko inauteriak. Kolorea ez zaio falta kartelari, eta inauterietako hainbat protagonista dira kartelaren elementu nagusienak. Hala nola, erraldoiek, buruhandiek eta jai giroko jendetzak alaitasuna, partehartzea eta bizipoza transmititzen dute.
Irungo inauterietan parte hartuko duten konpartsetako ordezkari banak aurtengo saridunak erabaki zituen atzo. 600 euroko saria izan du Telmo Sanz Alchuren lanak, eta aurtengo accesita saria Jose Angel Ligero Martinezek jaso du. Sardinita de Carnaval lanak 200 euroko saria jaso du. Bi obra hauek, eta kartel lehiaketara aurkeztutako gainerakoak, Amaia KZn ikusgai egongo dira urtarrilaren 29tik otsailaren 17ra. Asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta asteburu eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.

