Super Amara BAT taldeak bi urre lortu ditu Euskadiko Txapelketan
Iker Anaut 18 urtez azpiko txapelketan eta Rafael Caseau 20 urtez azpiko txapelketan nagusi izan dira, eta biek marka pertsonalak hobetzea lortu dute.
Rafael Caseau 20 urtez azpiko pista estaliko Euskadiko txapelduna.Super Amara BAT Super Amara BAT taldeak hasiera ezinhobea eman dio 2026. urteari. Pasa den asteburuan, pista estaliko proba konbinatuen Euskadiko Txapelketa izan zen Anoetako belodromoan, eta Iker Anautek eta Rafael Caseauk urrezko domina eskuratu zuten. Iker Anaut 18 urtez azpikoetan lehiatu zen, eta 4.353 puntu eskuratuta lehenengo postuan amaitu zuen txapelketa. Horrek Espainiako Txapelketarako sarbidea eman dio gazteari, eta gainera, hainbat diziplinatan marka pertsonala hobetzea lortu zuen. Rafael Caseauk ere lehenengo postuan amaitu zuen 20 urtez azpikotan, baina gutxirengatik ez zuen Espainiako Txapelketara sarbidea ematen duen markara heldu. 4.411 puntu lortu zituen, eta sarbidea ematen duen marka 4.500 puntutan ezarrita dago. Hala ere, pertigan eta 60 metro hesi lasterketan sekulako emaitzak lortu zituen.
Asteburu honetan bi hitzordu nagusi izango dituzte Super Amara BAT taldeko kirolariek. Larunbatean, Donostian 23 urtez azpiko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta igandean, berriz, Euskadiko Kross Txapelketa izango dute Ortuellan (Bizkaian).
Agortu dira Bidasoko maratoi erdirako dortsalak
Hilabete eta erdi falta den arren, Bidasoako Maratoi Erdirako dortsal guztiak agortu dira. Guztira 1.700 parte hartzailek 21 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Korrika egiteko gogoa duenak oraindik ere, 10 kilometroko lasterketan parte hartzeko aukera izango du. Hala ere, azkar ibili aurreikusitako 650 dortsalak agortzeko oso gutxi falta baita.
Egun horretan, enpresen lasterketa ere egingo dute aurretik aipatutako bi distantziatan. Antolatzaileek jakinarazi dute lehenengo enpresek dagoeneko izena eman dutela. Hiru laguneko taldeak izango dira, eta taldekide guztiek distantzia bereko lasterketa egin beharko dute.

