Facuak eskatu dio Aenari aireportuko gabeziak konpon ditzala
2014. urtetik, bidaiarien kopurua bikoiztu egin da Hondarribiko aireportuan, baina kontsumitzaileen elkarteak adierazi du bertako zerbitzuek ez dutela halako igoerarik eduki.
Facua kontsumitzaileen elkarteak eskaera bat egin dio Aenari, Hondarribiko aireportuaren harira. Elkartearen ustez, hainbat hobekuntza egin behar dira aireportuan, bai instalazioetan eta baita ere langile kopuruan. Facuak adierazi du 2014. urtetik orain arte, bidaiari kopurua bikoiztu egin dela, baina aireportuko zerbitzuek ez dutela igoera esponentzial hori eduki. “Gaur egun dauden zerbitzuak ez dira nahikoak eta askotan erosotasunetik urrun daude”, esan du Facuak.
Hainbat arazo azaleratu ditu Facuak. Haien artean, ontziratze eremuetan dauden sarrera mugatuak salatu ditu kontsumitzaileen elkarteak. Adierazi dute soilik bi tornu daudela bidaiari guztientzat, eta gainera, ez direla irisgarriak gurpildun aulkientzat edota haur kotxeentzat. Horrez gain, komun gutxiegi daude Facuaren ustez, bertan egoten diren bidaiari kopuruarentzat. Kanpoaldean komun eremu bat dago, eta ontziratze eremuan bi. Facuak gogorarazi du Hondarribiko aireportuak bi solairu dituela, baina bigarrena ez dela ia ezertarako erabiltzen.
Ilara luzeak
Aireportuak iriste eremu bakarra dauka. Normalki, bi izaten dira, bat Schengen eremuko herrialdeetatik datozenentzat, eta beste bat bestelakoentzat. Eremu batekin soilik, Schengen eremutik datozenek ilara luzeak itxaron behar dituzte, haiek pasaporte kontrola behar ez izan arren. Gainera, elkarteak adierazi du, informazioa ematen duten langileak oso gutxi direla, eta bidaiariei arreta ematea beharrezkoa dela.
Kexa guzti horiek Aenari bideratu dizkio Facuak, eta horien konponbidea beharrezkoa dela esan dute. Aireportua handitzen doan heinean, zerbitzuak berdin handitu beharko liratekeela adierazi dute Facuako kideek.

