Zaldunborda, urtea amaitzeko, denon ahoan
Zaldunborda oinarri, hainbat adierazpen kaleratu dituzte Hondarribiko udal taldeek azken egunetan. Udalak jasotako demandari eta Aitor Kerejeta alkate ohiaren inguruko informazioari erantzunez egin dituzte.
Zaldunborda makro oultetaren proiektua. Eguberrietan hainbat adierazpen kaleratu dituzte Hondarribiko udal taldeek Zaldunbordaren harira. GARA eta NAIZ hedabideek abenduaren 22an egindako ikerketa erreportajearen harira, jakinera eraman zuten Aitok Kerejeta Hondarribiko alkate ohiak harreman zuzena izan duela Zaldunbordako eraikitze prozesuarekin. Horrek, eta udaletxeak jasotako ia 14 milioi euroko demandak udal taldeen erantzunak erakarri ditu.
Abotsanitz: “Zaldunborda EAJren pelotazo bat izan zen”
Zaldunbordaren eta EAJren arteko harremanak agerira atera ditu Abotsanitzek. Gobernuko udal taldearen ustez Zaldunborda EAJren “pelotazo” bat izan zen, eta oraindik, “berdin jarraitzen du”. Abendua amaieran NAIZ eta GARA hedabideek kaleratutako informazioaren arabera, Aitor Kerejeta Hondarribiko alkate ohiak harreman zuzena zuen Zaldunbordarekin, bera izan zen eta bertako lurrak kalifikatu zituenak HAPOaren bidez, eta ondoren VUSA enpresaren zuzendari izan zen, hau da, Zaldunbordako enpresa eraikitzailearen buru.
Abotsanitzek adierazi du EAJren enpresa sarea argitara atera dela Zaldunbordaren aferarekin, eta “bere jokabideak, marra gorri guztiak zeharkatu dituela, administrazio publiko, instituzio eta herritar guztion diruari dagokionez”. Kasu hau, dena dela, gobrenu taldearen ustez, ez da gertakari isolatu bat, “Euskal Herrian, azkenaldian bizitzen ari garen beste askori gehituko baitzaie (De Miguel, Koldo auzia, Glefaran, Guggenheim-Urdaibai, etab.), klientelismoaren, entxufismoaren eta ustelkeria sistematikoaren adibide garbiak, EAJ-PNV alderdiak berak antolatuak”.
EAJk proiektua sustatu eta defendatu zuela esan du Abotsanitzek, eta “pikutara joan denean, Hondarribiko hiriak ordain dezala gutxi batzuen diru gosea eta hanka sartzea”, udalak jasotako 14 milioi euroko demandaren harira. Gainera, galdera bat bota dio Abotsanitzek jeltzaleen taldeari: “Zeinekin dago EAJ? Alderdiarekin lotura zuzena duen eta 13.7 milioi euro eskatzen dituen enpresa sarearekin? Edota ia hamalau kendu nahi dizkioten Hondarribiko herritarrekin?”.
EAJ: “Abotsanitzek beste behin ere gezurra esan die hondarribiarrei”
Abotsanitzek kaleratutako oharraren aurrean, haien gaitzespen osoa erakutsi dute jeltzaleek. “Ez gaude kritika politiko baten aurrean, baizik eta alderdi oso baten eta pertsona zintzo askoren aurkako ustelkeria-salaketa oso larri baten aurrean”, esan du EAJk. Ustelkeria salatzeko, frogak beharrezkoak dira jeltzaleen esanetan, eta haien ustez, udal gobernuan gehiengoa duen taldeak ez du halakorik.
Jeltzaleek argi utzi nahi izan dute: “Funtsezko galdera da Hondarribiko Udalak modu irregularrean, alegalean edo legez kanpo jokatu ote zuen outletaren proiektuaren tramitazioan, pertsona jakin bat beste aldean egoteagatik. Erantzuna argia eta irmoa da: ez”. Haien ustez udalak beti jardun zuen legezkotasunaren barruan, hirirako proiektua “positiboa zela sinetsita”.
EAJk adierazi du udalak jasotako demanda Abotsanitzen eta EH Bilduren erabakien ondorioa izan dela. “Beste behin ere Abotsanitzek lerro gorri guztiak gainditu ditu, Hondarribiko egunerokoa nahita kutsatuz eta giroa nahasiz”. Abotsanitzen moduan, hainbat galdera planteatu ditu EAJk, kasu honetan, udal gobernuari zuzenduta: “Etengabeko gatazkan bakarrik sentitzen al dira eroso? Etengabeko zarata hori behar al dute kudeaketa eta emaitzen falta estaltzeko? Edo udal ondareko milioika euro arriskuan jarri dituzten erabakiei buruz azalpenak ematea saihesteko?”.
Alderdi jeltzaleak adierazi du ez dela etengabeko leporatze gerra batean sartuko, eta bide hori irekitzen duenak ondo hausnartu beharko lukeela iragana modu interesatuan erabiltzeak izan ditzakeen ondorioez.
EH Bildu: “Guztiz zentzugabea eta eskandalagarria da makro outletaren sustatzaileak 14 milioi eskatzea”
Ate birakariak, lagunkeria eta klientelismo sistematikoa. EAJren baitan dauden kontzeptuak dira EH Bilduren ustez. Horren adibide Kerejetaren kasua jarri dute. “Praktika politiko horiek ez dira etikoak, haserre handia eragiten dute herritarrengan, eta ondorioz, desafekzioa”, esan du EH Bilduk. Koalizio subiranistaren ustez, lagunkeriari eta joko zikinari aurre egitea betebehar etikoa da, eta “ezinbesteko baldintza” herri hobea eraikitzeko.

