Errege Magoek karroza berriak izango dituzte kabalgatan
Errege Magoak Antzinako Geralekura iritsiko dira trenez 18:00etan, eta 18:30ean kabalgataren ohiko ibilbidea egingo dute.
Gaur goizean aurkeztu dute Errege Magoen kabalgata.Irungo Udala Olentzero eta Mari Domingiren bisitaren ondoren, Errege Magoen kabalgatak magiaz beteko ditu Irungo kaleak datorren astelehenean, urtarrilaren 5ean. Errege Magoak eta euren Errege Morroiak trenez iritsiko dira Antzinako Geralekura. Iritsiera 18:00etan izango da, eta Hondarribia kaleraino ibilbide laburra egingo dute, Autxa Trikitixa Taldearekin batera. Los Trankilos konpartsak giroa animatzeaz eta gozokiak eta banderatxoak banatzeaz arduratuko da Errege Magoak heldu bitartean. Ohiko ibilbidea, berriz, 18:30ean izango da. Hondarribia kalean hasi eta Kolon pasealekutik San Juan plazarainoko bidea egingo dute.
Errege Magoek aurretiazko opari bat jasoko dute. Aurten, karroza berriak estreinatuko dituzte erabat berritutako diseinuarekin eta LED argi kantitate askoz sendoagoa izango dituzte karroza berriek. Segizioan 250 morroi, laguntzaile eta herriko talde eta erakundeetako kideek hartuko dute parte. Desfileak honako ordena izango du: A & B Shows, 22 Academy, Irungo Atsegiñako erraldoiak, Irun Hiriko Musika Banda, Melchor Erregearen karroza, Santiagoko Deabruak, Gaspar Erregearen karroza, Zozongo Batukada eta Analia Bellydance dantza eskola, Baltasar Erregearen karroza, Trikuharri eta Ondare Kultur Elkartearen Disneyren karroza. 19:30ean desfilea bukatuko da San Juan plazan, eta bertan Errege Magoekin batera alkatea izango da udaletxeko balkoian.
Igandean, hilaren 4ean, Errege Morroiak opariak banatzeko lana aurreratzeko asmoz, haurren gutunak jasoko dituzte. Udaletxeko Areto Nagusian izango dira 16:00etatik 20:00tara. Itxaronaldia alaitzeko Disney pertsonaiek eta Las Perolas fanfarreak musika jarriko dute.
Guztientzako gabonak egitasmoaren barruan, Olentzero eta Mari Domingiren gutunen bilketan bezala, lehentasunezko ilara jarriko dute dibertsitate funtzionala duten pertsonek euren kartak Errege Magoei eman ahal izateko. Ohiko ibilbidean ere bi zati erreserbatuko dira. Bata, Colon pasealekuaren erdialdean, Turismo Bulegoaren parean; eta bestea, berriz, Colon pasealekua eta Pikoketa kalea gurutzatzen diren bidegurutzean. Udaletxeko agurrerako ere, San Juan plazan plataforma bat jarriko dute. Gune hauetara sartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute udalaren webgunearen bidez, urtarrilaren 5eko 12:00ak baino lehen.
Errege Magoen desfilea dela eta, 17:30etik 20:00etara bitartean aldaketak izango dira zirkulazioan hiriko hainbat gunetan. Irunbus zerbitzuak ere hainbat aldaketa izango ditu zenbait lineatan. Aldaketa horiek Auifen webgunean kontsultatu ahal izango dira.

