Hezkuntza eremuko greba deitu du ostegunerako Ikamak
Ikasle mugimenduak Gipuzkoako mobilizazio nagusia Donostian egingo du. Oarso Bidasotik geldialdiak egin dituzte hara joateko.
Ikama ikasle mugimenduak hezkuntzako grebarako deia egin du hilaren 11rako (osteguna). Euskararen ofizialtasuna, hezkuntza sistema propioa, murgiltze eredu eraginkorrak eta euskararen normalizazioa bermatuko duten politikak eskatzeko deitu dute mobilizazio eguna. Hego Euskal herriko lau hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak greba egunaren harira; Oarso Bidasoko Ikamak Donostiakora joateko (12:00etan, Bulebarretik) deia egin du, baina aurretik geldialdiak proposatu dituzte haran joateko.
Ostegunekoak aurreko asteetan landutako kanpaina baten azken mobilizazioak izango direla jakinarazi du Ikamak. Euskararen atzeraldiak, hizkuntzaren kontrako oldarraldiak, eta hizkuntza politika eraginkor nahiak bultzatuta egin dute euskararen, eta zehazki euskarak hezkuntzan beharko lukeen toki eta indarguneen gaineko lanketa. “Gure hizkuntza politiketan, gure hezkuntzan, eta gure herrian erabakitzerik ez badugu, ez dago euskararen biziraupenik. Euskal hizkuntza bera gure askatasunerako elementua da. Beraz, euskararen ofizialtasuna eta aitortza nahi ditugu. Eta euskarak, Espainia eta Frantziaren markoetatik at, euskal hezkuntza euskaldun propioa behar du. Euskaraz ikastea ez da pribilegio bat, oinarrizko eskubidea baizik. Euskarak eta gure herriak estatus propio bat behar dute”, esan du Ikamak.
Osteguneko Donostiako mobilizaziora joateko deialdiak egin ditu Ikamak Oarso Bidasoko herrietan. Honakoak dira:
- Irun: 11:07eko topoa hartzeko deialdia.
- Errenteria-Orereta: 11:20an Iztietako geltokian autobusa hartzeko deialdia.
- Pasaia-Lezo: 11:15ean Donibaneko pilotaleku ondoko geltokirik aterako den autobusa hartzeko deialdia.
- Oiartzun: 10:55 liburutegi ondoko geltokitik aterako den autobusa hartzeko deialdia.

