Ekintzaz jositako Be Veggie jaialdiak gaur ireki ditu ateak
Gaurtik astelehenera (hilak 8) izango da Be Veggie jaialdiaren zazpigarren edizioa. Gaur, 20:00ak arte egongo da gunea zabalik.
Zazpigarrenez ireki ditu ateak Be Veggie jaialdiak. Aurtengo topaketa ere, ohi moduan, Ficoban da, eta gaurtik astelehenera (hilak 8) egongo da zabalik.
Goizeko hamaiketan ireki dute gaur, aurtengo lehenengoz, topalekua, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, ordua iritsi aurretik jendea ilara egiten ari zen. Jaialdiak sona handia denaren seinale, alegia. Be Veggi jaialdiaren lehen orduak baino ez dira igaro oraindik, baina lehen egunak izan duen harrerarekin pozik agertu dira antolatzaileak, jende andana elkartu baita dagoeneko lehen ordu horietan. Adin guztietako pertsonak bildu dira Ficoban, denentzako lekua baitago Be Veggien. Goizean zehar haurrek jolasteko edota aurpegia margotzeko aukera izan dute, eta, helduagoek, berriz, zenbait hitzaldi entzuteko edota sukaldaritza tailerrez gozatzeko aukera izan dute. Esaterako, Maddi Etxeberriak Nola egin erakargarri barazki aspergarriak? tailerra eman du.
Programa zabala ondu dute aurtengo ediziorako, eta, beraz, hiru egunetan zehar hamaika jarduera izango dira Ficobako aretoetan. Azoka da jaialdiko elementu esanguratsuena, baina tailerrak, mural margoketa, hitzaldiak edota sukaldaritza zuzenean ikusteko aukera ere izan dute gaurkoan. Are, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere emango du Be Veggiek.
Alabaina, gaurko egitaraua ez da oraindik amaitu, 20:00ak bitartean irekita egongo baita gune hori.
Datozen orduetan zenbait jarduera egongo dira:
- 16:00. Eta zuk, nola ikasi zenituen animaliak? Mahai ingurua.
- 17:00. La hamburguesa que devoró el mundo hitzaldia.
- 18:000. V-Label España 2025 sari banaketa ekitaldia.
- 18:15. Plant based-aren etorkizuna Espainian: berrikuntza, etika eta aldaketak sistemikoa mahai ingurua.
- 18:30. Indiara zentzumenen bidezko bidaia.
- 19:15. Silent disco San Sebastianekin, festa. 3 kanalen jokoa.
Informazio gehiagorako eta datozen egunetako ekitaldiak kontsultatzeko, egin klik hemen.
HITZA Be Veggie jaialdian izan da, eta zenbait irudi bildu ditu.

