Vazquez Diazi buruzko erakusketa, "Ezagutu zure hiria" programako hirugarren saioan
Ostiralean hitzaldia izango da, eta larunbatean bisita gidatua. Biak ala biak doakoak izango dira.
Arma Plaza Fundazioak antolatutako Ezagutu zure hiria hitzaldi eta bisita gidatuen programaren baitan, hirugarren saioa egingo dute hurrengo astean. Zehazki, ostiralean, abenduak 12, Vazquez Diazek ehun urte Hondarribian izeneko hitzaldia izango da, 19:00etan, Karlos V. paradorean. Sarrera librea izango da lekua bete arte. Juan Carlos Leon kazetari eta bibliografoa arituko da hizketan, gaztelaniaz, Daniel Vazquez Diazi buruz. Nervako (Huelva) margolaria XX. mendeko artista esanguratsua izan zen, eta harreman estua izan zuen Hondarribiarekin. Andaluziarrak denboraldi luzeak igarotzen zituen margotzen herrian eta oso errotuta zegoen bertako paisaian eta gizartean. Horregatik, Udalak Adopziozko Seme izendatu 1927an, eta zumardiari Daniel Vazquez Diaz izena eman zion.
Bestalde, hurrengo egunean, abenduaren 13an, Juan Carlos Leonen bilduma pribatuari esker, Daniel Vazquez Diazi buruzko erakusketa egingo da. Elkargunea Arma Plazako kultura eta turismo informazio-guneko bigarren solairua izango da, eta ordubeteko bi bisita gidatu izango dira, doan: 11:00etan gaztelaniazkoa, eta 12:30ean euskarazkoa. Saio horietara joan nahi izanez gero, nahitaezkoa da erreserba egitea www.armaplaza-bisitak.eus webgunean, info@armaplaza.eus helbidean edota 943 64 46 23 telefonora deituta. Bisiten ordutegiak eskariaren arabera alda daitezke.

