Abotsanitzek salatu du EAJk "alfonbra gorria" jarri ziela errenta handienei
Udal-taldearen arabera, urte luzetan, Hondarribian etxebizitza bat eraikitzerakoan, ezberdintasunak egon dira lagapenak kobratzerako orduan.
Abotsanitzek prentsa-oharra publikatu du gaur, hirigintza aprobetxamenduei dagokienez, EAJk errenta altuenei jarritako alfonbra gorria salatzeko. Udal-taldearen arabera, urte luzeetan, Hondarribian etxebizitza bat eraikitzerakoan, ezberdintasunak egon dira lagapenak kobratzerako orduan. Lurzoruaren balioaren arabera egiten den ordainketa da hori, eta lurzoruak zenbat eta gehiago balio, orduan eta handiagoa izaten da ordaindu beharrekoa.
Bada, Abotsanitzen azaldu duenaren baitan, 2017ko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean, EAJk irizpide horrekin apurtzea erabaki zuen, Golfeko eremuaren mesedetan. Alegia, udalerriko errenta altuenak dauden auzoaren mesedetan. Horrenbestez, Golfean etxebizitza libre bat eraikitzeagatik, Babes Ofizialeko Etxebizitza bat eraikitzeagatik ordainduko liratekeen zergen erdia ordaindu behar dela adierazi dute; etxebizitza tasatu baten laurdena, Madalenako Kuboko etxebizitza batena baino zortzi aldiz gutxiago edota Basakon etxebizitza bat baino hamahiru aldiz gutxiago. Hau da, Hondarribiko auzo ia denetan, familiek normaltasunez beren zergak ordaintzen duten bitartean, Golfean, errenta altuena dutenek, gutxiago ordaintzen dutela. Ondorioz, eta udal-taldearen iritziz, udalak bi milioi euro baino gehiago jasotzeari utzi dio 2017tik.
Horren guztiaren aurrean, Abotsanitzek azpimarratu du gobernu-talde berria garatzen ari den Plan Orokorrean lurzoruaren balio errealaren araberako koefiziente bat finkatzen ari direla, udal-talde teknikoaren azterlan ekonomikoetan oinarrituta.

