Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Bidasoa LHIIren handitzea adostu dute
Beste eraikin bat altxatuko dute zentroa handitzeko eta etengabe hazten ari den lanbide-heziketaren eskariari erantzuteko.
Irungo Udalak adostasuna lortu du Eusko Jaurlaritzarekin, Sindikal zaharraren partzelaren lagapenerako. 700 metro karratuko partzela hori Udalaren jabetzakoa da, eta Alberto Larzabal kaleko 1 zenbakian dago kokatuta, hau da, Bidasoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren ondoan. Lagapen horri esker, zentroa handituko da, beste eraikin bat altxatuta, etengabe hazten ari den lanbide- heziketaren eskariari erantzuteko. Akordio horretan bost urteko epea xedatu dute eraikin berria altxatzeko. Konpoketen ondoren, ikastetxea hobeto ikusiko da eta sarbidea izango du Elizatxo hiribidetik. Horrela, hiri-ingurunean hobeto integratuta geratuko da.
Erabakia Irungo Udalaren osoko bilkurak hartu du gaur goizean eta, horren bidez, erantzuna eman nahi zaie Irungo zein Bidasoalde guztiko hezkuntza-beharrei. Osoko bilkura amaituta, ikastetxera joan dira Cristina Laborda Irungo alkatea eta Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua, lagatako partzela bertatik bertara ezagutzera. Labordak adierazi duenez, “Irungo Udalak aurrerapauso erabakigarria egin du gaur lagapen honekin; ezinbesteko urratsa, Irunen eta Bidasoaldean hezkuntza hobetzen jarraitzeko. Badakigu gero eta handiagoa dela lanbide-heziketaren eskaria, izatez, ikastetxeak berak eskatu digu zabalpen hau, eta seguru gaude Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin lortutako akordio honi esker askotariko aukera gehiago bermatuko zaizkiela herritarrei”.

