2026ko Aurrekontu Orokorra onartu du Hondarribiko Udalak
Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran, Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin, 34.998.615 euroko aurrekontua onartu zuen Udalbatzak, eta behin behinean onartu zen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantza.
Hondarribiko Udalak 2026ko Aurrekontu Orokorra onartu zuen atzo arratsaldean egin zen azaroko osoko bilkuran. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantza ere behin-behinean onartu zen bertan, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) izapidetzeak aurrera egin zuen, aurkeztutako alegazioen erantzunak onartuta.
Ia 35 milioi euroko udal aurrekontua
Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin, 34.998.615 euroko aurrekontua onartu zuen Udalbatzak, iazkoa baino % 2,5 handiagoa. PSE-EE abstenitu egin zen, eta EAJ-PNVk kontrako botoa eman zuen. Igor Enparan Araneta alkateak adierazi zuen inoizko aurrekonturik handiena dela, eta helburu argia duela: “herritarren beharrak erdigunean jartzea, auzoen garapena sustatzea eta jasangarritasuna erdigunean kokatzea; hori guztia, oreka ekonomikoarekin bateragarria izanik”. Guztira, 14 milioi euro bideratuko dira ongizate-politiketan; ez soilik gizarte zerbitzuetan ez hezkuntzan, gazterian, irisgarritasun-neurrietan, diru-laguntzetan, komunitate-dinamizazioan eta osasun emozionalerako programekin lotutako ekintzetan ere bai.
Horrez gain, gastu orokorrei dagokienez, aurrekontuaren % 25,71 bideratuko da langileen arlora , iaz baino %4,43 gutxiago. “Ez da langile kopurua murriztuko. Beherakada horren arrazoi nagusia da plantilla organikoan hutsik zeuden lanpostuak beteko direla, eta horrek aldi baterako zenbait programaren beharra murriztuko duela”, azaldu du Enparanek. Bestalde, ondasun arrunt eta zerbitzuetara 13,8 milioi euro bideratuko dira , joan den urtean baino %1,9 gehiago. Partida honek, besteak beste, eguneko unitateak martxan jartzea eta hiri autobus zerbitzu berria abiatzea jasotzen ditu.
Azkenik, inbertsioei dagokienez, udalerriko egunerokoa eta segurtasuna hobetzeko proiektu estrategikoak ere jaso zituzten. 300.000 euro bideratuko dira Hondartza Kiroldegian suteak kalteturiko sauna-eremua erabat berritzeko; Pasaia kalea berrurbanizatuko da, 1.948.719 euroko inbertsioarekin; espaloiak zabaldu eta oinezkoentzako pasabideak hobetuko dira, segurtasuna eta irisgarritasuna indartzeko; gaur egun fibrozementuzkoa den saneamendu-sarea ordezkatuko da; eta Mendelu auzoan uholde arriskua murriztu eta ingurua seguruagoa eta egonkorragoa bihurtzeko lanak ere egingo dira, 507.000 euroko aurrekontuarekin.
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautzeko ordenantza
Aurrekontua onartzeaz gain, udalak behin-behinean onartu zuen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) arautzeko ordenantza Abotsanitz, EH Bildu eta EAJ-PNVren aldeko bozkekin. PSE-EEk kontrako bozka eman zuen. Ordenantzaren helburua da Hondarribian gauzatzen diren egitasmo eta jarduera pribatu zein publikoek bertako euskararen errealitate linguistikoan izan ditzaketen balizko eraginak aurreikustea, identifikatzea eta ebaluatzea, beti ere udalak dituen eskumenen barruan. Bestalde, ELE Batzordea ere sortuko da, plan eta proiektuen eragin linguistikoa ebaluatzeko. Batzordean Euskara arloko zinegotzia (lehendakari gisa), Euskara teknikaria, dagokion arloko udal teknikaria eta zinegotzia, UEMAko teknikaria eta kanpo-enpresetako langileak izango dira, azken hauen laguntza beharrezkoa bada.
HAPOari aurkeztutako alegazioak onartzea
Amaitzeko, Osoko bilkuran Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari aurkeztutako alegazioen erantzunak onartu ziren, izapidetze-prozesuak bere bidea jarraitu ahal izateko. Epe barruan jasotako 34 alegazioetatik 11 partzialki estimatu ziren. Estitxu Urtizberea hirigintza zinegotziak azaldu zuen onartutako aldaketak “gehienbat zuzkidura-jarduketetan eta antolamendu xehatuan eragiten dituzten akatsak edo zuzenketak” direla, eta, ondorioz, “ez dagoela egiturazko antolamenduari eragiten dion aldaketarik”.
Alegazioen erantzunak onartuta, dokumentua beste administrazio batzuetara igorriko da (Aldundia, Eusko Jaurlaritza, URA…), eta haien txostenak jaso ondoren azken egokitzapenak egingo dira behin betiko onarpena Udalbatzara eramateko.
PSE-EEren balorazioa
Hondarribiko PSE-EEk, osoko bilkurari buruz egindako balorazioan, salatu du Abotsaniz-EH Bilduren gobernuak herriko hizkuntza adostasunean eta bizikidetzan arrakala ireki nahi duela, ordenantzak “udalerriko hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa arautu nahi baitu”. Haien arabera, Hondarribiko gizartea “anitzagoa eta pluralagoa da, eta horrek udalerriko errealitate linguistikoa ere barne hartzen du”. Ildo horretan, deitoratu dute ordenantzaren xedapen orokor batzuek behin eta berriz onartzen dutela hizkuntza bat erabiltzeak beste bati kalte egin diezaiokeela.

