Mayi Iza Agirre hondarribiarra berriro garaile Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketan
Hirugarrenez eskuratu du txapela hondarribiarrak. 30 partaideen artetik, onena izan da. Finalean ez du akatsik egin.
Goiz-goizetik prest zituzten paperak, arkatzak eta borragomak. 30 lagunek parte hartu dute gaur goizean Irungo Palmera Montero gunean jokatutako Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketan, Euskal Herri osotik etorritakoak. Gipuzkoak, Bizkaiak, Nafarroak, Zuberoak eta Lapurdik izan dute ordezkaritza gaurko lehian.
Iazkoa itzulerako ekitaldia izan bazen (2007az geroztik ez baitzen jokatu), berritasunena izan da aurtengoa, Egunean Behin aplikazioarekin lankidetzan aritu baitira. Hain zuzen, txapelketako antolakuntzakoek zenbait proba prestatu dituzte aplikaziorako, eta horietako batzuk martxan daude dagoeneko. Horrez gain, txapelketaren formatua ere berria izan da, hiru fase ezberdinekin: lehen proban, parte-hartzaileek 10×10 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat osatu behar izan dute 45 minutuan; bigarrenean, 12×12 lauki dituen taula bat osatzea zen zeregina, hura ere 45 minutuan, eta azkarren amaitu duten lehen sei jokalariak final handira igaro dira; txapelduna nor den zehazteko, 15×15 laukiko taula bat izan dute erronka.
Bada, lehiari erreparatuta, Mayi Iza Agirre hondarribiarrak irabazi du aurtengo txapelketa. Hura izan da azkarrena Joxan Elosegik sortutako hitz gurutzatuak betetzen, akatsik gabe gainera, eta 18 minutuan. Aho bete hortz utzi ditu bertaratutakoak. Txapelketa hau irabazten duen hirugarren aldia izan da, eta haren atzetik sailkatu dira Xabier Azkue Ibarbia zumaiarra eta Aitor Fernandez de Martikorena getxoztarra.
Ohi bezala, azterketen gisako formatua erabili dute; hau da, partaideek ezin izan dute elkarren artean mintzatu eta aldamenekoari begiratu. Hiztegia izan dute lagun bakarra, analogikoa hori bai, debekatuta baitzuten mugikorra edo ordenagailua erabiltzea. Finalista bakoitzak, Alberdania argitaletxean gastatzeko bonuaz gain, sari ekonomia ere irabazi du: irabazleak txapela eta 400 euro jaso ditu; bigarenak, 300 euro; hirugarrenak, 200 euro; laugarrenak, 150 euro; bosgarrenak, 100 euro; eta seigarrenak, 50 euro.
Eguna biribiltzeko, eta lehiak eragindako presio eta urduritasunak uxatzeko, bazkaria egin dute partaide guztiek EKT elkartean, goizean nola, giro ezin hobean. Beñat Muguruza Aitzondo taldeko kidearekin solastu da HITZA, gaurkoaren balorazioa egiteko. “Partaideen maila sekulakoa izan da, ikaragarria. Gehienak lehengo urtekoak baziren ere, aurten ilusio berezia egin digu gazte batzuk ere agertu izanak. Pozik gaude izandako arrakastarekin, errepikatzeko moduan”.

