Dagoeneko erabilgarri Irungo kiroldegietara sartzeko NIK Patrika Digitala
NIK Patrika Digitalaren aplikazioa instalatuta daukatenek txartela deskargatu besterik ez dute egin beharko, eta QR kodea pasatu tornutik sartzeko.
Herritarren artean informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera eraginkorra eta jasangarria sustatzeko helburuz, dagoeneko erabil daiteke NIK Patrika Digitala hiriko kiroldegietara sartzeko. Aplikazio horren bitartez Irungo Udalak abian jartzen duen aurreneko zerbitzua da.
Jon Ugarte Gobernu Irekiko eta Herritarren Parte Hartzeko ordezkariak eta Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak agerraldia egin zuten atzo goizean Artaleku kiroldegiaren aurrean, eta sistema berriak nola funtzionatzen duen erakutsi zuten bertan. Ugarteren hitzetan, «zerbitzuak irisgarriago egiteko Udalak egiten duen beste urrats bat da hau. Digitalizazioa ezinbesteko prozesua da ahalik eta jende gehienarengana iristeko. Gainera, noski, NIK Patrika Digitalak funtzioak hartzea berri oso pozgarria da irundar guztientzat».
Kontuan izan NIK Patrika Digitala egungo sarbide moduen osagarria dela. Orain artekoak erabiltzen jarrai dezakete erabiltzaileek, eta bakoitzak nahi duena hauta dezake une oro: Irun Txartel fisikoa, eskumuturrekoak edo Gimnasio Virtual edo NIK Patrika Digitala aplikazioen QRa. NIK Patrika Digitala aplikazioa dagoeneko instalatuta daukatenek txartela deskargatu besterik ez dute egin behar, eta QR kodea pasatu tornutik sartzeko.
Horrez gain, kiroldegietako bulego birtualera ere sar daitezke, beren datuak, abonamenduak, ikastaroetako izen-emateak edo ordainketak kudeatzeko. Nortasun eta segurtasun digitala zaintzeko, NIK Patrika Digitala erabilita kiroldegietan sartzeko ezinbestekoa da NIKen digitalki identifikatuta egotea, B@KQ, DNIe edo Izenperen, FNMTren edo beste erakunderen baten ziurtagiri digital bat erabilita. Aplikazioak ez du balio adingabeentzat, heldu batekin tarifa berean egon arren. Gainera NIK Patrika Digitala aplikaziora txartela deskargatu ondoren, automatikoki gordetzen da mugikorrean. Hortaz, hainbat hilabetez erabil daiteke, internet-konexiorik gabe ere.

